Paula Amieva Clemente

Paula Amieva Clemente

Getxoko Zinegotzia

[dropcap]01.[/dropcap]
Nola iritsi zinen politikagintzara?

2014an, Podemos sortu zenean, proiektuak erakarri ninduen. Udalerrian hasi nintzen parte hartzen, eta, handik urtebetera, udal-hauteskundeak iritsi ziren. Prozesu guztian sartu nintzen, eta, emakumeok eta gazteok politikan toki handiagoa edukitzeko beharraren jakitun izanik, zinegotzi izateko aurkeztu nintzen. Zerrendaburu aukeratu ninduen jendeak, eta, gero, 2015eko maiatzeko hauteskundeetan, Getxoko Udalera sartu nintzen, beste hiru kiderekin batera, udalbatzako parte izateko.

[dropcap]02.[/dropcap]
Zeintzuk dira politikagintzara sartzean topatu dituzun zailtasun handienak?

Politikaz hitz egiten den tokietara sartzeaz hitz egiten badugu, hau da, toki informalagoez, ez dago sartzeko zailtasun handirik, baina bai bertan irautekoa. Erakundeetako tokiez ari bagara, berriz, prozesua beste bat da. Hala ere, biek daukate ezaugarri komun bat: ehuneko handi-handian gizonek hartzen dituzten espazioak dira, eta, beraz, oso modu maskulinoan egiten dira eztabaidak, oso modu maskulinoan zehazten dira bileren/jardueren ordutegiak eta oso maskulinoa da espazioak antolatzeko modua. Horren ondorioz, berdintasuna falta da: emakumeok zailtasun handiagoa edukitzen dugu modu librean mintzatzeko, leku horietara baldintza beretan sartzeko eta gizonei bezala entzun diezagutela lortzeko orduan. Askotan oso zaila izaten baita militantzia, lana eta bizitza pertsonala kontziliatzea. Eta, espazioak maskulinizatuta daudenean, apenas egiten dira irtenbideak bilatzeko azterketak.

[dropcap]03.[/dropcap]
Zerk motibatzen zaitu gehien tokiko politikagintzan?

Zalantzarik gabe, udala herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea izateak motibatzen nau gehien, jendeak horra jotzen baitu norbaitekin aurrez aurre hitz egin nahi duenean. Eta hori ez dute gainerako erakundeek ematen. Izan ere, tokikoa izateak hori esan nahi du, herrian egin behar dela lan, pertsonekin buruz buru arituz. Denborarekin ezagutzen zaituzten herritarrekin egiten duzu topo kaletik, eta beren kezkak helarazten dizkizute. Eta oso positiboa da, baita ere, auzoetan aspalditik lan egiten duten kolektiboak eta elkarteak eta beren aldarriak sakon ezagutzea. Horrekin, soberan merezi du tokikoan lan egitea!

[dropcap]04.[/dropcap]
Eta zerk motibatzen zaitu gutxien?

Guztia hain hurbila izanik, udalerrian gertatzen den edozerk mugi dezakeela egun horretarako edo aste osorako planeatutako guztia. Horrek zaildu egiten du, adibidez, egutegi bat egin eta gauzak planifikatzea, berehala agertzen direlako bilerak, herritarren deiak, beharbada espero ez dituzun bisitak bulegoan… Lan egiteko modu horri etengabe egokitzen ikasi behar da.

[dropcap]05.[/dropcap]
Zer-nolako garrantzia dute, zure ustean, berdintasun-politikek udal mailan?

Ezinbestekoak direla uste dut; kontzientziatzeari begira, batez ere, udala baita herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea. Udalerriari buruz gehien dakien (eta datu gehien dituen) erakundea da udala; bertan jakiten da kanpainak ezartzen diren eta eraginkorrak diren, adibidez. Esaterako, festak antolatzeko modua aipa dezakegu, udal-mailan baina jai-batzordeekin elkarlanean jardunez egiten baita. Hausnartzeko toki handia dago hor; izan ere, ongi dakigun bezala, festek desberdinkeriazko osagaiak edukitzen dituzte emakumeentzat, eta askotan gertatzen dira eraso matxistak. Gainera, udalean hurbiletik egin dezakegu lan elkarte eta talde feministekin, eta, horrekin, berdintasun-politikak, indarkeria-kasuak daudenerako protokoloak eta abar hobetu daitezke. Eman ohi zaiona baino garrantzi handiagoa dauka.

[dropcap]06.[/dropcap]
Politikagintza aldatzen ari da emakumeen parte-hartze handiagoari esker?

Baietz uste dut, baina pixkanaka-pixkanaka ari dela gertatzen. Oraindik gutxi gara, eta gaudenoi asko kostatzen zaigu hainbat hamarkadaz gizonek egin duten politikaren dinamika aldatzea.  Bilkuretan eta batzordeetan jorratzen diren gaietan ikusten da, adibidez. Gehiago hitz egiten da gai sozialei, berdintasunari… buruz, baina egiteko asko dago oraindik. Izan ere, oraingoz, gai horiek ez dira jorratzen gizonentzat “pisu” handiagoa eduki dezaketen gaiak (hala nola, ekonomia eta hirigintza) jorratzeko zorroztasun eta seriotasun berarekin. Nabaritu egiten da non dauden eztabaida bizienak eta non jartzen den arreta handiagoa; proposamenak egitean, batez ere. Dagoeneko politikan gauden emakumeon artean ere kontzientzia falta da, aurretik ezarrita dagoen funtzionamenduan sartuta amaitzen baitugu askotan, funtzionamendu hori aldatzeko eta parekideagoa egiteko gaudenean hemen. Bide onetik goazela uste dut, baina bide luzea izango da.

[dropcap]07.[/dropcap]
Nola susta litezke aukera politiko ezberdinetako emakumeen arteko itunak xede komunak bilatze aldera?

Uste dut oso ona dela Basqueskolan lantzen diren bezalako espazioak sustatzea. Gune horietan, emakumeak elkartzen gara, berdinetik berdinera begiratzen diogu elkarri, eta politika ikusteko dugun modua (bere gorabeherekin) partekatzen dugu, alderdi politikoak albo batera uzteraino. Geure burua ezagutzen laguntzen digu horrek, bai eta uste duguna baino kontu gehiagok elkartzen gaituztela ikusten lagundu ere, eta hortxe sortzen dira ideiak, guztion artean, inguratzen gaituzten bizipen txarrak hobetu ahal izateari begira. Oso positiboa da kideek elkarren artean elkartasuna nola agertzen duten edo nola enpatizatzen duten ikustea, edota egoera zailetatik irteten laguntzen eta irtenbideak ematen ikustea. Hain da ona, laguntza izugarria da gizonek eta gizonentzat eginda dagoen mundu honetan aurrera egiten jarrai dezagun. Bakarrik ez gaudela jakiten laguntzen digu.

[dropcap]08.[/dropcap]
Zer proposatuko zenuke Basqueskolarako?

Basqueskolan, oso lan on eta positiboa egiten da, dagoeneko, emakume hautetsientzat. Uste dut, batez ere, politikan dauden eta egon nahi duten emakume guztiek Basqueskolaren berri edukitzea dela gehien behar duguna. Egoera berean dauden emakumeak biltzen dituen espazio bat dagoela jakiteak asko laguntzen du, bai eta espazio horretan esperientziak parteka daitezkeela edo, are, elkarrekin ikas dezakegula jakiteak ere; izan ere, gauden tokira iristeko inork prestatu ez gaituen gaietan trebatzeko saioak jaso ditzakegu bertan. Dagoeneko badagoena, iristeko dagoena eta abiarazita dauden eta emakumeoi politikan izugarri lagundu ahal diguten proiektuak ezagut daitezen egin behar dugu lan; hortxe dago gakoa. Gune horiek gabe, lana askoz ere bakartiagoa da.

[dropcap]09.[/dropcap]
Zein aholku emango zenieke politikagintzaren mundura lehen aldiz sartu diren emakumeei?

Zaila da, inolako eskarmenturik eta aholkurik jaso gabe sartzen baikara askotan. Baina ausartak izan daitezela esango nieke, behar ditugula. Hasieran guztioi kostatu zaigula urratsak ematea, baina gero merezi duela, eta are gehiago merezi duela laguntza-sareak eta ulertzen zaituztela sentiarazten dizuten eta prestatzeko aukera ematen dizuten espazioak aurkitzen badituzu, politikara sartzeak aldaketa handia ekartzen baitu edozeinen bizitzan; are handiagoa emakumea izanik. Eta ez dezatela pentsa egonean egoteko sartzen garela politikara: historia aldatzeko gaudela pentsatu behar dute. Guztiok gara beharrezkoak, eta denborarekin ulertzen dugu zein den gure zeregina, zertarako gauden hemen eta zer-nolako bidea ari garen eraikitzen; bide mugagabe hori.

 

Scroll to Top