Bidelagun.
Parekoen arteko mentoretza

Ahalduntzeko tresna berri bat da, udaletako hautetsi berriei zuzendua

Programa honen bidez, Euskadiko udaletako hautetsi berriei lehen pausoak ematen lagundu nahi zaie. Prozesu honetan, bi aldeen ardura da harremana positiboa, konfiantzazkoa eta ahalduntzeko lagungarria izan dadin lortzea.

Mentore guztiei berariazko prestakuntza ematen zaie, berdintasun-politiketan bide bat urratzen ari diren talde eta erakundeen trebakuntzan adituak diren zenbait prestatzaileren eskutik.

Nork parte har dezake?

Lehen aldiz udalean kargu bat hartzen duten emakumeei zuzentzen zaie programa, HASIBERRIEI. Mentoretza jasoko duen Hasiberri bat emakumezko alkate edo zinegotzi berri bat da, mentore batekin lan egin nahi duena, ikasteko eta kargu berrira egokitzeko.

Laguntzailea izango du ondoan, izandako esperientziatik eta ibilbidean barneratutako ezagutzetatik abiatuta bere ikuspuntuak eta baliabideak emango dizkiona. Esperientzia handiko emakume hautetsiak ari dira zeregin horretan (gaur egun karguan daudenak edo duela gutxi utzi dutenak).

Bidelagun mentorea tokiko politikan esperientzia, gaitasunak eta ezagutzak dituen emakume bat da, horiek hautetsi hasiberri bati azaltzeko prest dagoena –borondatez eta altruismoz–, hark kargua hartu berri duenean. Horretarako, hainbat hizketaldi izango ditu harekin, konfiantzazko eta errespetuzko giroan eta isilpean.

Nola gauzatuko da?

Basqueskolako Mentoring programa tokiko agintaldi bakoitzaren hasieran jarriko da abian, hautetsi berriei laguntzeko. 12 bat hilabete iraungo du. Kargua legegintzaldia hasi eta gero hartzen baduzu ere, izan dezakezu mentore baten laguntza. Mentoreak eta hautetsi berriak osatutako taldeek gutxi gorabehera 5 saio online adostuko dituzte, baina nahi izanez gero, aurrez aurre biltzeko aukera ere izango dute.

Lehen seihilekoa: (gutxienez) saio bat online hilabete eta erdian behin edo bi hilean behin + telefono eta posta elektroniko bidezko komunikazioa, WPP, eta abar. Fase honen helburua mentorearen eta haren ardurapekoaren artean konfiantzazko giroa sortzea da, eta funtsezkoa da bakoitzak argi azaltzea zer espero duen, eta hasi berri duten harreman horren oinarriak ezartzea.

Bigarren seihilekoa: (gutxienez) saio bat online bizpahiru hilabetean behin + telefono eta posta elektroniko bidezko komunikazioa, WPP, eta abar. Hau da mentoretza-prozesuaren oinarrizko etapa. Mentoreak eta hautetsi hasiberriak osatzen duten taldeak modu pertsonalean egingo dio aurre fase honi, eta bakoitzak bere estiloa eta eskema bilatuko ditu.

Gainera, beste bi bilkura kolektibo izango dira mentoreen eta horien ardurapeko guztien artean (online): hasieran, guztiek elkar ezagutzeko eta proiektu “handiago” bateko kide direla sentitzeko aukera izango dute. Eta bigarren topaketa laguntza-prozesua amaitzean izango da, esperientzia elkarrekin ebaluatzeko.

Hasiberriei beren lehen pausoetan lagunduko diete bidelagunek. Legegintzaldian zehar hasten bazara ere, lagunduko dizugu.

Scroll to Top