Carmen Sánchez
Usedeko alkatea (Zaragoza)
[dropcap]01.[/dropcap]
Nola iritsi zinen politikagintzara?
Beti izan naiz oso pertsona aldarrikatzaile eta parte-hartzailea, eta beti egon naiz nire herriko bizitza kulturalean eta sozialean oso sartuta. Hortik abiatuta piztu zitzaidan bizitza politikoarekiko interesa. Hainbat elkartetan (kulturala, AMPA) parte hartzen hasi nintzen, eta, pixkanaka, politikoki inplikatu beharra zegoela ikusi nuen, nire herrian eta herritar guztien bizitzan benetako eragin positiboa eduki zezaketen irismen handiagoko proiektuak egin ahal izateari begira.
1987an, Usedeko Udaleko hauteskunde-zerrendako burua izan nintzen. Lehenengo emakume hautagaia izan nintzen herrian, eta lehenengotarikoa Daroca eskualdean. Ez nituen hauteskundeak irabazi, baina zinegotzi izateko hautatu ninduten. Horri esker, argi ikusi eta ikasi nuen lan handia zegoela artean egiteko, nire herriko gizonek zein emakumeek emakume bat beren alkatea izan zitekeela uler zezatela nahi banuen. Lau legegintzaldi (hamasei urte) igaro behar izan ziren, Usedeko herritarrek beren konfiantza nire taldean jarri zuten arte. 2003an hartu nuen aginte-makila, eta, ordutik, neu naiz udaleko burua. 2003an baita ere, Aragoiko Gorteetan eskualdeko diputatu izateko hautatu ninduten, eta 2015era arte izan nuen ardura hori. Une hartan, udalerrien, eskualdeen eta probintzien Aragoiko Federazioan buru izateko hautatu ninduten; emakume batek ardura hori duen lehen aldia izan da.
Aragoiko parlamentuan egin nuen lana oso aberasgarria izan bazen ere, aitortu beharra daukat zirrara handiagoa eragin zidala nire herriko alkate hautatu izanak, parlamentari hautatu izanak baino. Oso atsegina da ezagutzen zaituen eta egunerokotasunean zurekin bizi den jendeak laguntzea eta zuganako konfiantza erakustea. Ez zaizkit inoiz ahaztuko hauteskunde horiek, zenbaketan bizi izan nuen emozioa, kargu-hartzea…
[dropcap]02.[/dropcap]
Zeintzuk dira politikagintzara sartzean topatu dituzun zailtasun handienak?
Politikagintzara sartzea erabakitzeko orduan topatu nuen zailtasun handienetako bat horrek nire bizitza pertsonalean eta familiakoan eduki zezakeen inpaktuan gehiegi pentsatzea izan zela uste dut. Emakume kide askorekin hitz egin dut horri buruz: batzuetan, guk geuk jartzen dizkiogu zailtasunak geure buruari; agian, gehiegi hausnartzen dugulako politikan parte hartzeak dakarren horretan. Aldi berean, hurbileko pertsona askok ezin dezakete ulertu zerbitzu publikoan aritzeko bokazioa, eta, bizitza publikoak dakarren higadura fisiko eta emozionala saiheste aldera, ez sartzeko aholkatzen dizute.
[dropcap]03.[/dropcap]
Zerk motibatzen zaitu gehien tokiko politikagintzan?
Herritarren bizitza errazten duten proiektuak abiarazi ahal izateak motibatzen nau gehien, bai eta herri osoak parte hartzeko proiektu kolektiboak planteatzeak eta garatzeak ere. Used bezalako hain herri txikian, funtsezkoa da herritarren arteko bizikidetza eta bisitatzen gaituztenekiko bizikidetza sustatzea.
[dropcap]04.[/dropcap]
Eta zerk motibatzen zaitu gutxien?
Baliteke epe laburrerako pentsamendua duten pertsonen ulertu ezinari aurre egitea izatea udaleko bizitza politikoan zailena. Udalean buru izaten daramadan denboran, berehalako uztarik ematen ez duten epe luzerako proiektu asko planteatu ditugu, eta pertsona batzuentzat, batzuetan, zaila izaten da hori ulertzea. Zaila egiten zait, baita ere, udalaren kudeaketan sortzen diren desadostasunak eremu publikoan geratzen ez direla eta batzuetan eremu pertsonalera eta familiakora igarotzen direla onartzea
[dropcap]05.[/dropcap]
Zer-nolako garrantzia dute, zure ustean, berdintasun-politikek udal mailan?
Benetan uste dut tokiko eremutik plantea daitezkeela emakumeen bizitza zeharka hobetuko duten berdintasun-politikak, horixe baita herritarrengandik hurbilen dagoen eremua. Hala ere, udalaren kudeaketak hartzen dituen arlo guztien ahalegina koordinatu behar da horretarako, norabide berean bil dadin ahalegin hori.
[dropcap]06.[/dropcap]
Politikagintza aldatzen ari da emakumeen parte-hartze handiagoari esker?
Zalantzarik gabe, emakumeek politikagintzan duten parte-hartzea areagotu izanak gaur egun gai jakin batzuei arreta ematea ahalbidetu du, aurretik kudeaketa publikotik jorratu ez diren gaiak lantzea. Zehazki, beste modu batean lan egiteko nahi handiagoa dagoela uste dut, elkarlaneko lana sustatu nahi dela, eta ez lan egiteko modu hain indibidualista.
[dropcap]07.[/dropcap]
Nola susta litezke aukera politiko ezberdinetako emakumeen arteko itunak xede komunak bilatze aldera?
Nire ustez, ezinbestekoa da joera politiko ezberdina duten emakumeen arteko itunak sustatzeko lan egitea. Horretarako, beharrezkoa da ulertzea gure genero-egoera partekatzen dugula ezberdintasun ideologikoen gainetik, eta genero-egoera horretatik eratorritako antzeko erronkei egiten diegula aurre. Gainerakotik urruntzeko eta elkartzen gaituena bilatzeko gai bagara, berdintasunean aurrera egin ahalko dugu, eta helburutzat hartzen ditugun meta horiek guztiak konkistatu.
[dropcap]08.[/dropcap]
Zein aholku emango zenieke politikagintzaren mundura lehen aldiz sartu diren emakumeei?
Honako hau da politikagintzan parte hartu nahi duten emakumeei emango niekeen aholku bakarra: eutsi diezaiotela, bere usteekin fidelak izan daitezela eta benetan sinets dezatela egiten duten horretan. Tokiko politikagintzan parte hartu nahi dutenei, berriz, pazientzia eduki dezatela eta beren lanarekiko ilusioari hel diezaiotela esango nieke. Batzuetan, tokiko politikagintza oso eskergabea da, eta baliteke inork ez eskertzea beren lana berariaz; alabaina, ekiten jarraitzen badute, eta duten onena eman, beren konpromisoa bete dutela jakiteak ematen duten poz ordainezina sentituko dute.
[dropcap]09.[/dropcap]
Aragoiko Udalerrien, Eskualdeen eta Probintzien Federazioak emakume hautetsien foro bat sustatuko du. Zein da horren helburua?
Hainbat xede dauzkagu federazioan, eta betetzen joango direlako itxaropena dugu:
- Lidergo-eredu propioa zehaztea eta ikastea.
- Udalerri-eredu zehatz baterako ekintzak egitea, genero-ikuspuntua kontuan hartuko dutenak.
- Emakumeak tokiko politikagintzara hurbiltzea, sentsibilizazio-ekintzen bidez.
- Emakume hautetsiek esperientziak partekatzeko gunea sortzea, eguneroko kudeaketan laguntze aldera.
- Beste eremu eta toki batzuetako emakume hautetsiekin hartu-emanetan aritzeko sareak garatzea.
Xede horiek, baita edukiko ditugun beste batzuek ere, bat egiten dute Virginia Woolf Basqueskola proiektuarekin. Oso ekimen garrantzitsua da hori EUDELen barruan, eta eredua da Aragoiko Federaziorako, hemengo emakume hautetsientzako berdintasun- eta lidergo-gunea garatzeari begira.