Bideo “Emakumeak eta politikagintza” mahai-ingurua, Irene Novalesen omenez
Irene Novales Amurrioko zinegotziak, “lehenengo pertsonan bizi zuen politikagintza.”
Hautetsi kide hil berriari aitortza egiteko hitz horiekin ireki zuen Josune Irabien alkateak “Emakumeak eta politikagintza” eztabaida, apirilaren 6an, udalerri horretako Refor aretoan.
“Hemen egongo balitz, lehenengo lerroan egongo litzateke, beste inork ez bezala gozatuz“.
Izan ere, egongo al da hil berri den Novalesi omenaldia egiteko modu hoberik, emakumeen artean, emakume politikarien artean, elkarrizketa bat egitea baino. Zinegotzi, legebiltzarkide, Aurreraka emakumeen elkarteko presidente eta Gesto por la Pazeko Amurrioko aktibista lanetan, emakumeen eskubideak babestu zituen, bai eta emakumeek gizartean eta politikagintzan parte hartzeak duen garrantzia babestu ere, bere eredu sendoren bidez. Bestalde, modu aktiboan ibili zen Virginia Woolf Basqueskolan, eta berarekin partekatu genuen azken aldiz “Politikagintza pentsatu” tailerra. Maiatzaren 31n hartu zuen parte hor, Amurrion.
Emakumeek politikagintzan duten parte-hartzeari buruzko ehuneko eta zifra (gero eta ugariagoak) aztertzen diren arren, eta “kristalezko sabaia” edo “politikagintzaren feminizazioa” bezalako terminoak erabiltzen ditugun arren, ez dugu aukera asko izaten beren ahotsak esfera publikoan zuzenean eta zabal-zabal beren esperientzietatik abiatuta hausnarketan entzuteko.
Zer-nolako faktoreek eragozten digute lidergo-postuetara iristea? Nola funtzionatzen dute egiturek, erakundeek, alderdiek eta politika egiteko modu tradizionalek politikagintzan aurrera egiteko eta irauteko unean mugatu gaitzaten? Erronka barne-mailakoa, kanpo-mailakoa ala bi mailetakoa da? Baina, era berean, zer-nolako poztasunak ekartzen dizkigu parte hartzeko eskubidea erabiltzeak, eta zergatik da hain garrantzitsua gizarte osoarentzat? Emakumeok mintzaira komunak ehundu ditzakegu? Virginia Woolf Basqueskola izan daiteke topaketa-gune hori?
Galdera horien bidez, bai eta beste galdera askoren bidez ere, gaur egun Euskadin politikagintzan aritzeak emakumea izanik zer dakarren ikusten lagundu digute Natividad López de Munainek (EAJ-PNV), Ainhoa Beolak (EH Bildu), Cristina Gonzálezek (PSE-EE), Carmen López de Ocarizek (PP), Laura Pérezek (Podemos) eta Eva Martínezek (Plazandreok). Bestalde, foku-taldean agertutako pertzepzioen, iritzien, sinesmenen eta jarreren gaineko argazkia egin du Estíbaliz Ruiz de Azúa kazetariak; argazki ezin hobea, hobeto ulertu ahal izan ditzagun Irene bezala egunero-egunero politikagintza aldatzen ari diren emakume hautetsi horien erronkak eta ordainsariak, zailtasunak eta poztasunak.
irene_novales_parte2 from EUDEL on Vimeo.