Alkate eta zinegotziek emakumeen botere politikoari buruzko hausnarketa egin dute Basqueskola 2021 jardunaldietan

Alkate eta zinegotziek emakumeen botere politikoari buruzko hausnarketa egin dute Basqueskola 2021 jardunaldietan

Irailak 25 larunbatean, Donostiako Udaleko osoko bilkuren aretoak Basqueskola Jardunaldiak 2021 “Emakumeak eta lidergoak” hartu zituen. Jardunaldi horietan, Euskadiko hainbat udalerritako emakume alkate eta zinegotziek emakumeek gaur egun duten botere politikoaz eta etorkizunean arlo horretan izango dituzten erronkez hausnartu zuten.

Donostiako Udalak ongi etorria eman zien bertaratutakoei Aitzole Araneta zinegotziaren bitartez. Ondoren, Ane Beitia Elgoibarko alkateak gauza bera egin zuen Eudelen izenean.

Euskal hautetsiez gain, Marina Subirats Matori soziologo eta filosofo feministak ere parte hartu zuen topaketan. Jardunaldiaren esparru-txostena eskaini zuen, eta ondorengo hausnarketa markatu zuten zenbait gako adierazi zituen.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendari Izaskun Landaidak aurkeztu zuen Marina Subirats, eta ekimena Generation Equality proiektuaren barruan kokatu zuen. Proiektu hori NBE Emakumeak erakundeak diseinatu du, Beijingeko Emakumeen Nazioarteko IV. Konferentziaren 25. urteurrenena dela eta, eta Emakundek sustatu du Euskadin.

Marina Subiratsek egungo testuingurua aztertzeko ezinbesteko gako batzuk sartu zituen. “Kontua ez da gizonek egin dutena ezabatzea, hura osatzea eta hobetzea baizik, hura partekatu ahal izateko”, adierazi zuen. Soziologoak eta feministak azpimarratu zuen “premiazko bi kontu” daudela sortzea espero diren aldaketei dagokienez: “Zer aldatu nahi dugun eta eman nahi ditugun irtenbideak nolakoak izan behar diren”. Azken finean, Subiratsen erronka “ezagutzen ditugun gizonezkoen lidergoez bestelako lidergoak nola eraikitzen ditugun” ikustea da.

Parte hartu ezin izan zenutenok esteka honetan ikus dezakezue hitzaldia: https://cutt.ly/KEWz6Hu 

Topaketa horrekin, Basqueskolak bere lanarekin jarraitu zuen, NBE Emakumeak Beijingeko Emakumeen Nazioarteko IV. Konferentziaren 25. urteurrena dela eta diseinatutako Generation Equality proiektuaren esparruan.

Horrela, hautetsiek lidergoei eta emakumeek tokiko politikan duten rolari buruzko iritziak partekatu zituzten, eta arreta berezia jarri zuten zer-nolako lidergoak eraiki nahi diren udal-politikatik berdintasunean eragiteko.

Hurrengo urratsak

Basqueskolak Generation Equality proiektuaren barruan “Mugimendu eta lidergo feministak” ardatzaren inguruan egingo duen lanaren bigarren fasea osatzeko balio izan zuen Basqueskola Jardunaldiak 2021. Behin udal-politikan emakumeek duten egoerari eta horrek duen eraginari buruzko diagnostikoa eginda, hurrengo urratsa ondorioak kanpoko eragileekin alderatzea izango da, prozesuaren azken fasean hautetsien sareak datozen 5 urteetarako hartzen dituen konpromisoak ezartzeko.

NBE Emakumeak erakundeak diseinatutako ekimen honen bidez, Emakundek Berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako Itun Sozial eta Herritarra lortu nahi du Euskadin.

[su_carousel source=”media: 5141,5142,5143,5144,5145,5146,5147,5148,5149,5150,5151,5152,5153,5154,5155,5156,5157,5158,5159,5160,5161,5162,5163,5164,5165″ link=”image” target=”blank” height=”300″ items=”1″ title=”no”]

[su_youtube url=”https://youtu.be/YASUkAwywm8″]

Scroll to Top