Basqueskola Sarea berriz saretu da

Basqueskola Sarea berriz saretu da

Ezohiko urte honen ondoren, pandemia dela eta online ekintzei lehentasuna ematera behartu gaituenak, pantailak alde batera utzi genituen joan den uztailaren 9an, Basqueskola Sarea 2021 topaketan aurrez aurre egoteko eta indarrak hartzeko datorren ikasturteari ilusio handiagoz ekiteko.

Jardunaldia hurrengo urterako zenbait ekintza-ildo ezartzeko eta aurten landutakoaren balantzea egiteko baliatu genuen, baina, batez ere, sare honen helburua indartzeko: elkarrekin ahalduntzea, tokiko politika feministagoa bultzatzeko.

Topaketan, ibilbide-orri bat adostu genuen Basqueskolak Generation equality proiektuan parte har zezan. Proiektu hau Emakundek sustatu du eta NBE Emakumeak erakundeak diseinatu du, Beijingo Emakumeen IV. Mundu Konferentziaren 25. urteurrena ospatzeko. Ekimen honen bidez, Berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako Itun Sozial eta Herritarra lortu nahi da Euskadin. Basqueskolan, Mugimenduak eta lidergo feministak ardatzean sakonduko dugu, NBE Emakumeak erakundearen Ekintza Orokorretako Koalizioek identifikatutako lehentasunezko 6 eremuetako batean.

Joan den apirilaren 9ko topaketan, Basqueskola Sareak berdintasunaren agendaren hausnarketa- eta eguneratze-prozesu horretan parte hartzeko duen interesa eta borondatea berretsi zen, eta hautetsien talde bultzatzaile bat eratu zen, proiektu hori errazteko. Halaber, ibilbidea eta proiektua garatuko den foroak eta uneak adostu ziren.

Generation Equality Beijing +25 proiektuari buruz gehiago jakin nahi baduzu jarraitu esteka hau: https://www.emakunde.euskadi.eus/beijing-berdintasuna/u72-contema/eu/

Basqueskola Jardunaldia 2021 Marina Subiratsekin

Prozesu hau dinamizatzeaz arduratuko den lan-batzordea osatu ondoren, hurrengo urratsa irailaren 25ean emango dugu, Donostian egingo den Basqueskola 2021 Jardunaldian. Jardunaldi berri honetan Marina Subirats Martorik parte hartuko du. Subirats Europako Batzordearen bozeramailea izan zen IV. Konferentzian, Espainiako Gobernua ordezkatu zuen Emakumearen Institutuko zuzendari gisa (1993-1996), eta Espainiako Ordezkaritzako koordinatzailea ere izan zen. Gainera, Bartzelonako Udaleko zinegotzia izan zen 1999 eta 2006 artean, eta, beraz, Basqueskolako hautetsiekin partekatzen du udal-politikan lan egiteko esperientziak ematen duen ikuspegi berezia.

Batzordeek lanean jarraitzen dute

Basqueskola Sarea Topaketa ixteko, lan-batzordeek egiten ari diren lana azaldu zuten. Aldi berean,  euskal emakume hautetsien sare hori zabaltzeko eta indartzeko egin behar ditugun erronketako batzuk plazaratu zituzten. Talde horiek “Harrera eta bidelaguntza”, “Emakumeen kontrako indarkeria politikan” eta “Sareak eta Aliantzak” alorretan lan egiten dute, eta euskal emakume hautetsi guztiek parte har dezakete.

[su_carousel source=”media: 5058,5070,5060,5071,5078,5072,5075,5077,5076,5074,5073,5059,5062,5065,5066,5067,5068,5064,5063,5061″ link=”image” target=”blank” height=”300″ items=”1″ title=”no”]

Scroll to Top