Udaletatik berdintasunerantz aurrera egiteko, martxoaren 8aren aurreko Europar Batzordearen maila anitzeko bilera irekiko du EUDELek
[su_heading]
Martxoaren 7an, Bruselan, Ibon Uribe, Galdakaoko alkatea, Corina Crêtu Eskualde Politikarako komisarioarekin eta NBE Habitateko zuzendariarekin batera, tokiko eta eskualdeetako hautetsien bilkura bateko izan da; bertan, aztertuko da zein izan daitezkeen, Europako udalak lider direla, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz aurrera egiteko hurrengo ekintzak.
Topaketen helburua da gogoeta bateratua bultzatzea Europako toki- eta eskualde-mailan hirietatik hiru erronka globali irtenbideak emateko: Ordezkaritza eta parte-hartzea; Planifikazioa eta espazio publikoa; Pertsona migratzaileen integrazioa.[/su_heading]
Bilbon, 2019ko martxoaren 4an.
Galdakaoko alkate Ibon Uribe, Europako udalerrien izenean, asteazkenean, hilaren 7an, Bruselan, Martxoak 8-Emakumeen Nazioarteko Egunaren aurretik egingo den maila anitzeko bileran Corina Crêturekin batera jarduteko gonbidatu dute. Ibon Uribe, Crêtu komisarioa eta NBE Habitateko zuzendari exekutibo Maimunah Mohd Sharif izango dira Europa osoko tokiko zein eskualdeetako hautetsien parte-hartzea izango duen maila goreneko eztabaida irekitzeko ardura izango duten agintariak.
Ibon Uribek Antoine de Saint-Exupéryren esaldi ezaguna berreskuratu du, “Batzuetan, funtsezkoa dena begientzat ikusezina da” dioena, berdintasun politikak modu orokorrean orientatzeko: “Emakumeen ordezkaritza eta ahalduntzea hobetzeaz hitz egiten denean, begirada kontu horretan soilik jarri beharrean, denboraren erabileraren orekei ere begiratu beharko litzaieke, eta, bereziki, pertsona edadetuen, mendekoen eta umeen zaintzen arloan”.
Uribek gogora ekarri du lan hori nagusiki emakumeen esku egon ohi dela, eta honako hau adierazi du: “Emakumeek nork bere buruari eskaintzeko denbora gehiago baldin badaukate, aisialdirako erabil dezakete, ibilbide profesionalerako, prestakuntzarako, udalerriko gizarte-bizitzan presente egoteko elkarteen eta GKE-en bidez, bai eta politikarako ere”.
Hain zuzen ere, Europako Batzordeak Galdakaoko alkatea gonbidatu du, herritarrengandik gertuen dauden erakundeen ikuspegia eman dezan, udalena, eta Ibon Uribe Berdintasun ordezkaria delako hala Europako Udalen eta Eskualdeen Kontseiluan (CMRE) nola EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko Batzorde Eragilean.
Parte-hartze eta ahalduntze politikoari buruzko europar mailako txostenak
Munduko Ekonomia Foroko 2018ko txostenaren arabera, gizonen eta emakumeen arteko erronka handieneko arrakalak ahalduntze politiko eta ekonomikoaren arloan daude. Ikerketak erakusten du erritmo honetan jarraituz gero 107 eta 202 urte beharko direla, hurrenez hurren, arrakala horiek gainditzeko. Maila europarreko tokiko politikan ere aurrerapena motela da; CMREren arabera, emakume hautetsien portzentajea %27tik %30era igaro da azken 10 urteetan.
EAEri dagokionez, Euskadiko udaletan emakume hautetsien portzentajea Europako batezbestekotik gorakoa da, %41,50ekoa, eta horrek adierazten du %2,71ko igoera izan dela aurreko legegintzalditik. 2015eko udal hauteskundeen ondoren, lehen aldiz hasi ziren gainditzen Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako 3/2007 Lege Organikoak ordezkaritza orekatutzat ematen dituen gutxieneko parametroak, hau da, sexu bakoitzaren presentzia %60ra ez iristea.
Hala ere, datuetan sakontzen baldin badugu, funtsezko fenomeno batzuk agertzen dira. Adibidez, nahiz eta Euskadiko 4 alkatetzatik 1 emakume baten ardura izan, emakumeek Euskadiko biztanleriaren %18,82 ordezkatzen dute. Halaber, Euskadikoen artean biztanleria handiena duten 10 udalerrietako 2k baino ez dute lidertzat emakume bat. Azkenik, iraupen datuek (emakume alkateen %32,8k errepikatzen du karguan, eta gizonezko homologoen %52,3k) agerian uzten dute emakumeek, oro har, erritmo motelagoan egiten dutela gora eta denbora gutxiago irauten dutela lidergo posizioetan (iturria: EUDEL, 2015eko urriko txostena)
Ikuspegi horretatik begiratuta, Ibon Uribek “Power2Her-European Elections 2019” ekitaldian tokiko gobernuei zuzentzeko asmoz sortutako gomendio nagusien berri emango du; ekitaldi hori martxoaren 6an egingo da, Bruselan hori ere, CMREk tokiko emakume hautetsiek erabaki-hartzeetan duten presentziari buruz egindako ikerketa aurkezteko, eta maiatzaren 26an egingo diren Europako Parlamenturako hauteskundeetan hautagai diren emakumeen agerikotasuna indartzeko.
Era berean, Europako Batzordeak hilaren 7ko hitzordua baliatuko du genero-berdintasuneko hirien “URBACT GenderEqualCities” txostenaren aurkezpen publikoa egiteko, baita tokiko mailan berdintasunaren jarraipena egiteko Monitoreorako Tresnarena ere, Batzordeak berak bultzatua.
Hiru erronka globalentzako irtenbideak
Batzordearen saioa 14:00etan hasiko da, eta epe ertainerako zein luzerako tokiko bizitzan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko bidean aurrera egiten jarraitzeko ekintza posibleen azterketa eta partekatzea izango ditu ardatz.
Topaketaren gaia izango da irtenbideen bilaketa, tokiko esparruan, berdintasunaren bidean aurrera egiteko hiru erronka globali erantzunez: Ordezkaritza eta parte-hartzea; Planifikazioa eta espazio publikoa; Pertsona migratzaileen integrazioa.
Eztabaidan formulatuko diren galderetako batzuk honako hauek dira, besteak beste: Nola deseraiki hesiak eta adoretu emakume gehiago tokiko lider bihur daitezen? Nola ziurtatu emakumeen ahots guziak entzunak izatea tokiko mailan? Nola lortu hiriak seguruagoak eta abegikorragoak izatea emakumeentzat eta neskentzat? Nola egin diezaiokete aurre hiriek arrazismoari eta xenofobiari genero-dimentsioa integratuz?
Batzordearen azken helburua da gogoeta bultzatzea eta Europako tokiko gobernuen ekimen bateratua ahalbidetzen jarraituko duten jarduerarako irizpide komunak partekatzea. Hori guztia, maila anitzeko gobernantzatik eta Europako instituzioen mailako aliantzetatik (Batzordea, Europako Parlamentua, Europako Kontseilua, Eskualdeen Batzordea eta abar), nazioarteko erakundeekin batera, hala nola Nazio Batuen Erakundea eta haren agentziak (NBE Habitat, NBE Emakumeak…).
>Martxoaren 7ko saioa zuzenean jarraitu ahal izango da (streaming bidez) Batzordearen webgunean: https://ec.europa.eu/