Politikagintza feminista baterantz

Politikagintza feminista baterantz

Erakundeetako bizitza politikoan emakume gehiago egoteak hainbat eztabaida ekarri ditu, errealitate berri horrek sinbolizatzen duenari dagokionez. Hainbat ikuspegitatik jorra daiteke gaia; hala nola: emakumeek politikaren sarbidean dituzten oztopoak, emakume politikariek jasotzen dituzten kritika sexistak, kuoten erabilgarritasuna eta egokitasuna… Leku arrazoiak direla-eta, agertoki berriak irudikatzea ahalbidetuko digun kontu batean bilduko dut gogoa: zer-nolako aukerak ekartzen dizkigu errealitate berri horrek politikagintzak eraldaketa feminista izan dezan, eta zein baldintza egon behar dira eraldaketa hori gerta dadin?

Nire ustean, erakundeetako politikagintzan emakume gehiago egoteak aukera erraldoiak irekitzen ditu, baina adi egon beharra daukagu politikagintzaren benetako eraldaketa feminista ahalbidetuko duten baldintza jakin batzuk egon daitezen. Baldintza horiek, gainera, aldi berean gertatu behar dira; batzuk egon ezean, ezingo baita helburua lortu. Gaia jorratzea errazteko, elkar elikatzen duten lau plano hauek aipatzen saiatuko naiz: estetika, kultura, etika eta agenda.

Lehenik eta behin, plano estetikoari hel diezaiokegu. Erakundeetako jarduera politikoan emakume gehiago egoteak, behinik behin, gizarte-ordezkaritzaren osaketa orekatuagoa egotea dakar, bai eta emakumeek ordezkaritza edukitzeko duten eskubidea bermatzea ere. Bestalde, belaunaldi berrientzako iruditeriak egotea errazten du, non beren presentziak salbuespenezkoa izateari uzten dion. Alabaina, gainerako eremuetan bezalaxe, jakitun gara emakume gehiago egoteak ez duela bermatzen agendan aldaketarik egingo denik, edo ikuspegi feministatik abiarazitako praktikak garatuko direnik.

Horren ondorioz, beste plano batzuen azterketarekin konbinatu behar da aldaketa ahalbidetuko duen masa kritikoa; kulturaren planoaren azterketarekin, adibidez (esparru zehatz batean partekatutzat jotzen diren sinesmenen, jarreren eta balioen multzotzat hartzen dugu kultura). Beste batzuek beste batzuentzat sortuta dagoen eta aurrez ezarrita dagoen esparru batera sartzen dira emakumeak politikagintzan, eta, bertan, emakume horiek (eta gizon batzuk), sarri, arrotz sentitzen (eta hautematen) dute beren burua; baita eremu horretan moldatzeko kode eta espazio giltzarrien gaineko ezagutza ematen dien babesle edo aholkulari baten eskutik egiten dutenean ere. Kode androzentrikoak dira, ez beti idatziak edo formalak, esan beharrik ez dagoen horren inguruan edo ziurtzat jotzen den horren inguruan eraiki direnak, eta, ondorioz, aurre egiteko zailak direnak. Espazio politikoa delako eta ez horrenbeste egiten dugulako sentsazio horrek, askotan, karguak frustrazio handiz betetzea ekartzen du, eta ezintasun pertsonalekin nahasten dira esparru patriarkalak. Botere-leku eta politikagintza gehienak zeharkatzen ditu ikuspegi androzentrikoak; ez da salbuespena. Beraz, zaila da, baina baita ezinbestekoa ere, emakumeek beren lorpen-gaitasuna erabili ahal izatea, esparru horiek zalantzan jarri eta eraldatzeko xedez, gune inklusibo eta eraldatzaileak sortzeari begira.

Egoera horren aurrean, iritsi berriek bi aukera hauek izaten dituzte: arauak ikastea, eta, horrelakoetan, “maskulino” izateagatik kritikatzen dira, edo norberaren kodeen arabera funtzionatzen saiatzea. Bi aukerek badute ere kostu pertsonal handia (eta bigarrenak baita politikoa ere), beharrezkoak diren erreferenteak eratzen dituzte azken aukera alternatiboak ematen dizkigun iruditeriek. Adibidez, lidergo indartsu baina atsegin eta demokratikoen ereduetan pentsa genezake, non agintaritza eta boterea bereizten diren, eta non aldaketak sorrarazteko asmo bakarrarekin iristen den bat boterera. Egiteko modu ezberdinak dira, baina ez biologiaren ondoriozkoak; bizi-esperientziaren eta genero-sozializazioaren ondoriozkoak baizik.

Horrekin ez dut esentzialista izan nahi, eta emakumeei politika egiteko modu zehatz bat dagokiela adierazi. Kontua ez da emakumeen politikagintza sustatzea, politika egiteko beste modu bat bultzatzea baizik; aginterik jaso ez duten eta bizitzarekin askoz ere bateragarriagoak diren moduak, edukiak, ahotsak eta tokiak ikusezintasunetik aterako dituen politikagintza sustatzea, hain zuzen ere.

Jauzi hori, ordea, ezin daiteke bakarka egin. Emakumeen arteko itunak behar dira, moduak eta funtsak eraldatu ahal izateko. Eta erakunde-eremuaren barrualdean eta kanpoaldean dauden emakumeekin egin beharko dira aipatu itunak; izan ere, politika egiteko espazioen legitimazioaren gaia da beste kontu giltzarrietako bat.

Hala ere, hirugarren esparru batetik abiatu behar dira beste emakume batzuekin egingo diren itun horiek: etika feministatik, hain justu ere. Garrantzitsua da beste emakumeen agintaritzaren eta eginkizunen aitortza barne hartuko duten itunak egitea, bakoitza pieza garrantzitsua eta funtsezkoa dela onartuz. Bestetik, konfiantzazko eta segurtasunezko espazioetan ehundu behar dira itunak, loturak sortzen baitira horrelako guneetan, eta elkarrenganako laguntza eratzen baita lanean.

Dena dela, ez gara emakumeen arteko itunak emakume izate hutsagatik egitea proposatzen ari; helburu komun batean oinarritutako itunak egitea nahi dugu, eta emakumeek ere sinetsiko eta birsortuko duten politika berrira igarotzea da helburu hori. Bada, hementxe begiratu behar diogu laugarren planoari, agendaren planoari, alegia, agenda feminista besterik ezin daitekeena izan: politikagintzatik sexismoa kentzea eta feminismoa agendaren erdigunean jartzea da kontua.

Agendaren edukiek, batetik, emakumeen eskubideen aldarrikapen historikoak jaso behar dituzte: indarkeriarik gabeko bizitzak, sexu- eta ugalketa-eskubideak, soldata-berdintasuna eta abar; bai eta genero-sozializazioak emakume askoren curriculumean sartzen dituen (aitortzarik gabe eta are gutxiago birbanaketarekin) eta eguneroko bizitzaren kudeaketari dagozkion beste batzuk ere. Adibidez, bizitzari eustea eta pertsonen zaintza jar ditzakegu hor, emakumeen berdintasun gabezia eragiten duten eragileak baitira horiexek, beste esanahi bat jaso behar dutenak, eta guztion ongizatearen esparruan birbanatu behar direnak. Bazterretan egotetik, agendaren erdigunean egotera igaro behar diren kontuak dira. Adibidez, elementu horietako batzuk hartzen dituen proiektu politikoa irudikatzeko aukera ematen digu Gioconda Belliren “El país de las mujeres”.

Azken batean, ekarpen hau egin nahi izan diet politikaren feminizazioari buruzko egungo eztabaidei: erakundeetako politikagintzan emakume gehiago egoteak ez du bermatzen, baina bai errazten, eraldaketa feministarako baldintzak sortzea, eta, baldintza horiek lortze aldera, itunak ehundu daitezke etika feminista batetik abiatuta, gutxieneko agenda minimoa garatzea bermatzeko. Eta, horretarako, ezin ditzakegu alboratu emakumeen artean egon daitezkeen desberdintasunak, kokaleku material eta sinbolikoei dagokienez, edota ezin ditzakegu bazter utzi sor daitezkeen zailtasunak eta kostuak; aitortzaren, zaintzaren eta elkarri laguntzearen etikatik jorratu beharreko zailtasunak eta kostuak izaki horiek.

Seguru asko, emakume gutxi batzuen arteko itun soilekin ekin beharko zaio bide horri; konfiantza eta lorpen txiki batzuk eratzea ahalbidetuko duten eta egin daitekeela eta merezi duela erakutsiko duten itun soilekin. Batzuek lehenago egin baitzuten, eta ez kostu pertsonal, sozial eta politikorik gabe, eta, horiei esker, beste batzuk daudelako. Eta horiexek daukate aurrekoen aitortza egiteko agindu morala, bidea aurreratuago utziz etorriko direnentzat.

Mireia Espiau (Algorta, 1974). Zientzia Politikoak eta Soziologia ikasi nituen, eta graduondoko ikasketak egin nituen Generoa eta Garapenean. Nazioarteko kooperazioan lan egiten hasi nintzen, han-hemenka, eta munduri berriz ere beste toki batzuetatik begiratzeko beharra sentitu nuen. Ordutik aurrera, irakurtzen, irudikatzen eta nire hurbileko zein urruneko errealitatean eragiten saiatu naiz, sistema eta eredu inklusiboago, jasangarriago eta osasungarriagoetarantz igarotzeko xedez.

*Este post apareció originalmente en el blog Docemiradas.net

Scroll to Top