Nati López de Munain Alzola
Burguko Udaleko alkatea (Araba)
[dropcap]01.[/dropcap]
Nola iritsi zinen politikagintzara?
Beti eduki izan dut komunitateko bizitzan, nire herrian eta nire inguruan parte hartzeko kezka, eta, udalerako zerrendetara sartzea proposatu zidatenean, ez nuen zalantzarik izan.
Nire herriari emakumeen begirada gaineratzeko aukera iruditu zitzaidan, ordura arte gizonezkoen begirada baitzegoen gehienbat. Era berean, gure herrietan bizikidetza hobetzen saiatzeko erronka polita ere iruditu zitzaidan, beste toki batzuetako pertsonak ari baitziren herrira sartzen une hartan. 90. hamarkadaren amaiera zen, eta herrietara bizitzera joateko fenomenoak herritarren kopurua azkar haztea ekarri zuen. Herritar horiek, gainera, gizarteratzea landu, komunitateetan parte hartu eta, batez ere, herrietan bizitza sortu nahi zuten.
Nire udaleko lehenengo emakume alkatea izan naiz, eta poztu egiten nau horrek. Bestetik, urte hauetan lortu diren emaitzei erreparatuta, aldaketa positiboak egin direla uste dut. Beste emakume batzuk urrats hori ematera anima daitezen eta politikagintzara sar daitezen egin dudan ekarpena da.
[dropcap]02.[/dropcap]
Zeintzuk dira politikagintzara sartzean topatu dituzun zailtasun handienak?
Burguk, egun, 630 biztanle dauzka. Bada, horrelako udal txiki batean tokiko politika egitea konplexua egin zait hainbat alderditan. Udal txikiegia da lanean eszedentzia hartzeko, baina ardura handia eskatzen du.
Nire lan-jarduerari eutsi diot, astean erabil ditzakedan ordu batzuk edukiz, ordea, kargu publikoa edukitzeagatik. Hala ere, ez dut lanaldi-murrizketarik eduki, eta gainkarga handia ekarri dit horrek, nire lan-jarduerari eta alkatetzari heldu behar baitiet.
Beste alde batetik, tokiko politikagintzaren hurbiltasunak herritarrekiko harreman handia sortzen du, oso aberasgarria, baina zama emozional handia dauka kontu pertsonalak edo taldeen kontuak konpontzen saiatzeko orduan.
[dropcap]03.[/dropcap]
Zerk motibatzen zaitu gehien tokiko politikagintzan?
Herritarren bizikidetza hobetzen lagundu ahal izateak; bai lehen bizi zirenena, bai herrietara sartzen joan direnena. Bestetik, askotariko proiektuetan eta jardueretan herritar horien parte-hartzea eta inplikazioa sustatzeak ere motibatzen nau, eta herrietan besteekiko errespetuan oinarritutako bizitza ahalbidetzeak.
Horrek dakarren guztiarekin; hala nola, herritarrak elkartzeko eta beren proiektu komunitarioak egiteko lokalak eraikitzea, daukagun eta gure seme-alabentzat baldintza ezin hobean eduki behar dugun natura-ingurune zoragarriaren zaintza sustatzea eta emakumeen eta gizonen berdintasunari bide ematea, gure gizartearen errespetuaren eta aurrerapenaren oinarri gisa.
[dropcap]04.[/dropcap]
Eta zerk motibatzen zaitu gutxien?
Nire kasuan, lan-jarduerari eta alkatetzari eusteak ahalegin handia egin behar izatea ekarri dit, eta, batzuetan, gustatuko litzaidakeen guztira iritsi ezinaren sentsazioa eduki dut. Zenbaitetan, bizitza pertsonala eta familiakoa mugatzen dituen jarduera da. Egoera berrira egokitu behar duzu, eta oso garrantzitsua da inguruan dituzun pertsonekin elkar ulertzea eta horien laguntza edukitzea.
[dropcap]05.[/dropcap]
Zer-nolako garrantzia dute, zure ustean, berdintasun-politikek udal mailan?
Oso handia.
Berdintasun-politikak izan dira Burguko Udalean azken urteotan garatu diren funtsezko ardatzetako bat. 2008an, berdintasun-teknikaria kontratatu genuen, egun ere badagoena, eta Udalerriko 1. Berdintasun Plana abiarazi zen. Lehena izan zen Arabako udal txiki batean, Vitoria-Gasteizen, Laudioren eta Amurrioren ostean. Egun, II. Berdintasun Plana ari gara garatzen, eta, horrekin, kargu publikoetarako eta teknikarientzako prestakuntza-jarduera ugari ari dira zabaltzen. Bestalde, hainbat kolektibori eta, batez ere, gazteenei zuzendutako jarduerak antolatu dira, eta oso eragin ona ari dira izaten herritarrengan. Udalerriko emakumeen eta gizonen berdintasuneranzko aldaketak sustatzen ari diren urrats txikiak dira, beren zailtasun eta erresistentziekin, baina bide bat eraikitzen ari dira, eta hori oso garrantzitsua da niretzat.
Era berean, Lautadako kuadrillako batzarkidea izanik, berdintasun-teknikaria kontratatzea bultzatu eta babestu dut. Aurten, hiru urte beteko dira kontratazio hori dugunetik, eta Eskualdeko I. Berdintasun Plana abiarazi da, berdintasunaren aldeko jarduera askorekin, eskualde-mailan. Duela gutxi, LAIA eskolak, Arabako emakumeon jabekuntzarako eskolak, lehen urratsak eman ditu, eta Lautadako kuadrilla hautatu du esperientziari ekiteko, eremu horretan duen lan-ibilbideagatik.
[dropcap]06.[/dropcap]
Politikagintza aldatzen ari da emakumeen parte-hartze handiagoari esker?
Zalantzarik gabe. Genero-berdintasuneranzko bide zailean aurrera egitea eragiten dute emakumeok sustatzen ditugun ekintzekin, hartzen ditugun erabakiekin, gure presentziarekin eta gure hitzarekin egiten ditugun ekarpen txiki zein handiek.
Adibide asko daude. Batzuok Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren Jardunaldia ezagutu genuen. Zuhatzu Kuartangon egin zen, duela gutxi. Udalbatzetatik hasi eta Legebiltzarreraino, udaletatik, kuadrilletatik, Batzar Nagusietatik… igaroz, lehen zapaltzen ez zituzten espazioak ari dira okupatzen emakumeak, eta emakumeen begirada ari dira erakusten, errealitatearen gaineko ikuspegi bidezkoagoarekin, bizitzako eremu guztietan berdintasuna egon dadin.
.
[dropcap]07.[/dropcap]
Nola susta litezke aukera politiko ezberdinetako emakumeen arteko itunak xede komunak bilatze aldera?
Xede komun horiek identifikatzeko lantaldeak sortuz eta benetako edukia zein dagokien garrantzia emanez horiei.
[dropcap]08.[/dropcap]
Zer proposatuko zenuke Basqueskolarako?
Udal ezberdinetan genero-berdintasunaren alde egin diren praktika onen gida sortzea, eredua izan daitezen udaletako karguetan ibilbidea hasten duten emakumeentzat. Esperientzia guztiak baliatzea zerotik ez abiatzeko, eta ibilbideak errazago egin ahal izateko, egiaztatutako hutsegiteak saihestuz.
Nire ustean, prestakuntza oso garrantzitsua da emakumeok arrakasta-berme handiagoarekin hedatu ahal izan dezagun gure lana, errazago egin dezagun bidea.
Tokiko politikagintzan parte hartzen dugun eta ibilbide nahiz esperientzia ezberdina dugun emakumeen topaketak antolatzea, ezagutza transmititzeko, esperientziak trukatzeko eta, batez ere, lan zail honek ematen dituen kontu positiboak transmititzeko eta ilusioa eragiteko.
[dropcap]09.[/dropcap]
Zein aholku emango zenieke politikagintzaren mundura lehen aldiz sartu diren emakumeei?
Bakarrik ez geratzeko. Taldeak sor ditzatela beste emakume batzuekin, gainditu behar dituzten egoerak partekatzeko, ideiak eta indarra hartuz, tokiko politikagintzaren mundu honetan sortzen diren erronka ugari eta anitzak gainditu ahal izateko.
Udaleko politikagintzan ibilbide eta eskarmentu handiagoa duten emakumeak ezagutzeko eta kontsultatzeko. Ibilbide hau hastean inork kontrolatzen ez dituen egoera berriz jositako mundu ezezaguna da hau, eta, konpainia onarekin, hobeto ibiltzen da bat.
Proiektuak garatuz edo emaitzak bizituz lanean urteak egin ondoren, politikagintzaren munduan parte hartzean eskuratzen den jakinduriak baliagarria izan behar du beren bidea hasten duten emakumeentzat.