Leixuri Arrizabalaga Arruza

Leixuri Arrizabalaga Arruza

Gatikako Alkatea

[dropcap]01.[/dropcap]
Nola iritsi zinen politikagintzara?

Oso txikitatik hartu izan dut parte herriko jarduera gehienetan: euskal dantzen taldean, abesbatzan, “eliz neska” izan naiz, jai-batzordean… Beti gustatu zaidan zerbait da, gurasoei ikusi diedan zerbait; izan ere, haiek beti izan dira oso aktiboak herriko bizitza soziokulturalean, eta nire ustetan, oso kontu naturala zen, egitea gustatzen zitzaidana, bai herriarengatik, bai guregatik… Gogoz eta ilusioz egiten nuen. Urteekin konturatu naiz “herrigintza” zuela izena egiten nuen horrek; jakitun izan gabe, gure herria garatzen laguntzen genuen, jolasa balitz bezala.

Guztiagatik horrengatik, eta nire ideologia politikoa betitik oso zehaztua izan dudanez, nire etxeko atea jo zuten 19 urte nituela —halaxe, hitzez hitz—, Gatikako EAJren proiektu politikora elkartu nendin. Une hartan, Jesus Mari Fullaondo zen burua. Gogoan dut zera esan zidala, “egiten duzun hori guztia egiten jarrai dezazula nahi dugu, baina udaletik koordinatuta, Gatikako bizitza kulturala garatu ahal izateko…”. Laguntzeko aukera ona iruditu zitzaidan, eta horrelaxe hasi nuen nire ibilbide politikoa, Gazteria, Kultura eta Kiroletako zinegotzia izanik, gaur arte: alkate izaten amaitu dut.

[dropcap]02.[/dropcap]
Zeintzuk dira politikagintzara sartzean topatu dituzun zailtasun handienak?

Nire kasuan, oztopo nagusia izan zan ez nekiela ezer administrazioaz, nahiz eta zuzenbidea ikasten egon memento hartan ez nekien, nola hasi gauzak egiten, nora jo, norekin hitz egin… eta hain gazte izanda, iniziatiba hartzeak beldurra ematen zidan. Apurka apurka beldur hori, lotsa ere izan zitekeen, kentzen joan ahala gauzak asko erraztu ziren.

Lehenengoz politikagintzan sartzean eskarmentudun bidelagun bat izatea beharrezkoa da bere ondoan aurrerantz egin ahal izateko eta ikasteko.

[dropcap]03.[/dropcap]
Zerk motibatzen zaitu gehien tokiko politikagintzan?

Herriari behar duena ematea. Herri txiki batean bizitzeak bere abantailak eta desabantailak ditu. Abantaila handiena herriak zer behar duen jakitea da, %90 batean jakin dezakegu beharrizan handienak zeintzuk diren (kasu partikularrak albo batera utzita): argiteria publikoa, bideen konponketa, saneamenduak, errekaren garbiketa, garraio publikoa… Zerbitzu hauek hobetzeko ekintza berriren bat gauzatzen dugun bakoitzean, badakigu benetan beharrezkoa zala eta herritarrok desiratzen dugun gure herriaren “garatze osoan” beste pausu bat emoten ari garela.

Gizarte ongizatearen aldetik baita ere, beharrizan egoeran dauden pertsonei modu zuzen batean laguntzean. Horrek benetan motibatzen gaitu.

[dropcap]04.[/dropcap]
Eta zerk motibatzen zaitu gutxien?

Bada, gauzak ondo egiteko ahalik eta ahalegin handiena egin arren, eta bihotza bertan jarri arren, beti egongo dela ados ez dagoen norbait, beste modu batera egin zitekeelako konforme ez dagoen norbait. Edo, bestela, ehun gauza ondo egin arren behin bakarrik okertzen zarenean, horixe geratzen dela memorian, eta horixe aurpegiratzen digutela beti.

Bestalde, ez duzula inoiz guztiz deskonektatzen: 24 orduz, urteko 365 egunetan, adi egoten zarela, eta horrek, batzuetan, zure bizitza pribatu-familiarrari eragiten dio.

[dropcap]05.[/dropcap]
Zer-nolako garrantzia dute, zure ustean, berdintasun-politikek udal mailan?

Garrantzi osoa dute. Berdintasun politikak gure eguneroko lanean uztartuta daude edo egon beharko lirateke. Zelan bestela beteko ditugu herritargoaren %50aren beharrizanak perspektiba hori kontuan izan gabe?

Zorionez, berdintasun-politiken kontzeptua aldatzen ari da, eta dagoeneko ez da martxoaren 8an edo azaroaren 25ean hainbat jarduera antolatzeaz arduratzen den arlo bat gehiago. Administrazioaren jarduera guztietan barru-barruan garatzea da kontua: kontratatzean, diru-laguntzak ematean, antolatzean, komunikatzean, ikusgarri egitean…

[dropcap]06.[/dropcap]
Politikagintza aldatzen ari da emakumeen parte-hartze handiagoari esker?

Noski. Lehenengo eta behin irudia aldatu egiten da. Gaur eguneko umeek herri agintarien argazkiak ikusi eta gizon-emakumeak ikusiko dituzte, eta jasotzen ari diren mezua hau da: zuk ere etorkizunean horrela jardun ahalko duzu gizon zein emakume izan. Mezu hori zabaltzea garrantzitsua da.

Emakume helduengan ere beste jarrera bat eragiten du, behintzat gurea bezalako herri txiki eta landa gunetan, administraziora hurbiltzeak lotsa-beldur gutxiago ematen die.

Beste alde batetik, emakumeok gauzak egiteko beste modu bat dugula uste dut; ez diot hobea edo okerragoa denik, baina bai beste modu bat dugula: sentsibilitate handiagoz egiten ditugu gauzak.

[dropcap]07.[/dropcap]
Nola susta litezke aukera politiko ezberdinetako emakumeen arteko itunak xede komunak bilatze aldera?

Amankomunean ditugun puntuak aurkituz, nahiz eta hautu politiko horiek guztiz kontrakoak izan, ziur nago, amankomunean zerbait aurkitzeko kapazak garela. Horri eutsiz, elkarlana posible da eta oso aberasgarria izaten da gainera.

[dropcap]08.[/dropcap]
Zer proposatuko zenuke Basqueskolarako?

Urtean zehar hainbat jardunaldi eta lantegi egiteko aukera errepikatu dezazuela, gogoak jota geratzen bainaiz agenda-kontuengatik joan ezin izaten naizenean.

[dropcap]09.[/dropcap]
Zein aholku emango zenieke politikagintzaren mundura lehen aldiz sartu diren emakumeei?

Ez dezatela beldurrik eduki, ez dezatela pentsa besteek gehiago dakitenik, eta ez dezatela pentsa ez dutela ondo egiten jakingo. Bizitzan, guztia bezala, denbora eta praktika kontua da, eta beste edozeinek bezain ondo egin dezakete.

Eta ez diezaiotela beldurrik eduki gauzak aldatzeari. Gauzak beti modu berean egin izanak ez du esan nahi ondo egiten zirenik. Mundu hau gizonezkoen bizitzari, ordutegiei eta ardurei zegoen egokituta; beste mende bateko gizonei, kontuz! Gaur egun, zorionez, emakumeok eta gizonezkoek eskubide eta betebehar berberak ditugu eta, beraz, ziur guztioi komeni zaigula zenbait gauza aldatzea (ordutegiak, datak…).

 

Scroll to Top