Gudrun Mosler-Törnström
Europako Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Batzordeko Lehendakaria
[dropcap]01.[/dropcap]
1999. urtetik aktibo egon zara politikagintzan, bai udal, bai eskualde mailan. Tradizionalki gizonezkoek menderatutako esparru baten sartzen den emakume gisa, zerk motibatu zintuen hastera?
Duela ia 20 urte, Salzburgoko gobernadore ohiak kargu publiko baterako nire burua aurkeztea eskatu zidanean, maila politikoan aktiboki parte-hartzeko aukera baliatzeko une egokia heldu zela sentitu nuen. Emakume gisa nuen motibazioa, gizonezkoen berdina zen. Kontu publikoetan parte-hartzea izan zen motibazioa, herritarrei zerbitzuak eskaintzea eta denontzako hobea den gizarte baten eraikuntzan laguntzea.
Une zehatz hartan konpromiso hura hartu nuen, bete-betean uste nuelako nire esperientzia guztiari esker gizarteari ekarpen zehatz bat egin niezaiokeela
[dropcap]02.[/dropcap]
Aldatzen ari al da politikagintza emakumeen parte-hartzearen areagotzeari esker?
Noski eta arrazoi ugari daude horretarako. Emakumeen eta gizonen bizi baldintzak ezberdinak dira. Horrek zera esan nahi du, arazoei aurre egiteko konpetentzia ezberdinak ditugula orokorrean. Gure rol eta esperientzia sozialaren ondorioz, emakumeok kontuan har ditzakegu gizonezkoek, sentsibilizazioa faltagatik, ez horren presente dituzten dimentsioak. Ekarpena egin dezakegu, kontzientzia sortzeko eta jarrerak aldatzeko. Abantaila izugarria da aipatutako ezagutza horiek egungo sistemari gehitzea.
Mendeetan zehar, politikagintza gizonen jarduna izan denez, gizarteko arazoen ikuspegia gizonen mundura moldatu da; desabantaila esanguratsua da hori emakumeentzat eta emakumeen interesentzat, eta horregatik, zenbat eta emakume gehiago politikagintzan egon, orduan eta gehiago aldatuko da politikagintzaren aurpegia zein ikuspegia.
Gizarteko funtzio orotara izan behar dute sarbidea emakumeek, eta gizonak bezain ordezkatuak egon behar dira. Garrantzitsua da emakumeak presente eta ikusgarri egotea eta gai guzti-guztien inguruko iritziak gizonezkoekin elkartrukatzea.
[dropcap]03.[/dropcap]
Zer nolako garrantzia dute Genero Berdintasun politikek udal mailan?
Nire ustez erabateko garrantzia dute. Tokiko maila gaitasun politikoak garatu eta hazteko maila da. Emakume gutxiegi tokiko politikan aritzea kaltegarria da edozein herrialdetako paisaia politikoarentzat. Emakumeak ez badaude behar den bezala, eta ezer baino lehen, tokiko mailan ordezkatuta, ezinezkoa da parekidetasuna parlamentu eta gobernuetan lortzea.
Eremu politikoan, eta gizartean orokorrean, ordezkaritza parekide bat lortzeak etengabeko erronka izaten jarraitzen du. Zinez urria den modu batean ordezkatuta daude emakumeak politikagintzan, eta egun ere, zailtasunak dituzte nazio, eskualdeko eta tokiko mailan parte-hartzeko.
[dropcap]04.[/dropcap]
Genero berdintasuna, gobernantza on baterako giltzarria den heinean, nolako presentzia du Europako Tokiko eta Eskualdeetako Botereen Batzordeko zereginen baitan, Europako hiri eta eskualdeen Kontseiluko ahotsa dena?
Europako Kontseilurako eta Batzorderako, emakumeen tokiko eta eskualdeko bizitza politikoaren ordezkaritza indartzea –eta beraz, genero berdintasuna bultzatzea– bere lanaren alderdi garrantzitsu bat da.
2003an, Europar Batasuneko Estatuek haien erabakitzeko organo politikoetan bi sexuetan gutxienez %40ko ordezkaritza lortu beharko luketela eta emakumeen parte-hartzea politikan areagotzeko ekintza zehatzak garatzea aholkatu zuen Europako Ministroen Batzordeak. Aholku hau inflexio-puntu bilakatu zen, zehazki, erabaki politiko eta publikoak hartzeari dagokionez, emakume eta gizonen parte-hartze eta ordezkaritzaren orekarako bultzada bat izan zelako.
2004an, Batzordeak hirietako eta eskualdetako emakume eta gizonen arteko berdintasuna sustatzeko estrategia bat jarri zuen martxan, 176 Ebazpenaren bitartez. Momentu hura abiapuntu bat izan zen, Europar Batasuneko Estatuak tokiko eta eskualdeko mailan genero ikuspegidun zeharkako politikak txertatzen has zitezen.
Azken 12 urteetan, genero berdintasuna sustatzen duten hainbat idazki egin ditu bere Batzordeak, ebazpen berrienak 2016koak izanik: “Emakumeen parte-hartzea tokiko eta eskualdeko bizitza publikoan: praktika onak Europar Batasuneko Estatuetan eta Batzordearen eginbidea” eta “Genero ikuspegidun aurrekontuak”.
2008an, Batzordeak nazio-ordezkaritzetan kuota ezartzea erabaki zuen. 2008tik 2015era bitartean, kuoten ezarpenak izugarrizko arrakasta izan du nazio-ordezkaritzan emakumeen presentziari dagokionez, baita gure ganbera eta komisioetan ere emakumeen lehendakaritza zein lehendakariordetzari dagokienez.
Egungo agintaldian (2016-2020), emakumeek Batzordeko zuzendaritza-batzordeko %65a osatzen dute. Dakizuenez, 2016an hautetsia izan nintzen Batzordeko lehen emakume Lehendakari.
[dropcap]05.[/dropcap]
Duela gutxi Euskal Herrira bisitan etorri zinenean, “emakumeak, nazio zein Europa mailan haien presentzia areagotzeko tokiko mailan parte-hartzen hasi behar direla” aipatu zenuen, eta “boterean dauden emakumeek pentsamoldeak aldatzeko gaitasuna eta betebeharra dutela” gehitu zenuen. Zein aholku emango zenioke politikagintzari ekin nahi dion emakume gazte bati?
Beti esan ohi dut, politikagintza non nahi dagoela. Eskolan hasten da, ozenago hitz egiten, iritzi bat izaten eta gugan konfiantza izaten hasten garenean. Has zaitez ahal bezain goiz eta gazte eskolako politikagintzan, tokiko mailan; har ezazu parte esperientzia onuragarri baterantz bideratutako proiektuetan. Hori da, hain zuzen ere, aurrerago hartu beharreko ardura pisutsuagoen giltzarria.
Aukera berdintasuna lortzen dugunean, Hillary Clintonen adierazpena zaharkituta geratuko da. “Politikari gisa beharko nukeena emazte bat da”