2/03/2017
Iñigo Urkullu lehendakariak gaur goizean Lehendakaritzan hartu ditu Alia El Yassir NBE Emakumeak-en Europarako eta Erdialdeko Asiako Eskualde zuzendariordea eta Begoña Lasagabaster Emakumeen Politiken ataleko zuzendaria, NBE Emakumeak-en ordezkariak biak. Bileran izan dira, baita ere, Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria.
Ondoren, Nazio Batuen ordezkariak Eusko Jaurlaritzako langileei zuzendutako barne bilera baten izan dira. Bilera horretan Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH)-2030 agenda ezartzerakoan gizonen eta emakumeen berdintasunak duen garrantziaz aritu izan dira. Agenda hori nazioartekoa, unibertsala, integrala eta banatu ezinekoa da eta 2015eko irailean Nazio Batuak onartu zuten hurrengo 15 urteei begira (2015-2030).
Ekitaldian adierazi duten moduan, 2030 agenda berriaren 17 helburuen artean, GIH 5 helburua dago, bereziki, genero berdintasunari eta emakumeen eta neskatoen ahalduntzeari buruzkoa. Eta gainera, beste helburuekin alderatzerakoan, helburu horren garrantzia azpimarratu da, berdintasuna zeharkako eta oinarrizko arlo bat baita helburuen guztietan, eta berdintasunak aurrera egin ahala beste helburuetan ere aurrera egingo baita.
Ekitaldia Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Zuzendaritzaren eta Emakunderen artean antolatu da eta Leyre Madariaga Kanpo Harremanetarako zuzendariak eta Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eman diote hasiera.