“Euskadiko emakume hautetsiek sarean lan egiteko metodogia berriak”
Otsailaren 15ean, asteazkena, lan-saio bat egin zen Euskadiko emakume hautetsien artean, EUDELek Bilbon duen egoitzan. Maru Sarasola izan zen trebatzailea, eta sarean lan egiteko metodologia berriak sortzeko nahiari erantzun zitzaion bertan.
Hamazazpi emakume bertaratu ziren saiora, alkateak eta zinegotziak horiek. Aurretik, Virginia Woolf Basqueskolak coaching-ari eta lidergoari buruz antolatutako tailerren batean hartua zuten parte guztiek.
Bestalde, beste bi parte-hartzaile egon ziren; Izaskun Landaida izan zen bata, Emakundeko zuzendari gisa (baita Basqueskolako ikasle-ohi gisa ere, bertan aritu baitzen Ugao-Miraballeseko alkate izan zenean), eta Mireia Espiau izan zen bestea, EUDELeko berdintasun-teknikaria.
Honelako galdera oinarrizko bezain garrantzitsuak jorratu ziren saioan: Zer da lan-sare bat? Zer behar du sare batek benetan erabilgarria izan dadin bai maila kolektiboan, bai banakakoan? Zer-nolako onurak dauzka sarean lan egiteak? Eta baita honelakoak ere: Zein kostu dauzka sarean lan ez egiteak? Modu praktikoan erantzun zitzaien kontu horiei guztiei, esperientziaren eta emakume hautetsien beraien egunerokotasunaren ikuspuntu zehatzetik.
Coaching eta genero-lidergoari buruzko tailerraren hainbat edizio egin ondoren, agerikoa da komunak direla emakume hautetsiek aipatzen dituzten zailtasun eta oztopo gehienak. Beraz, naturala da horiek gainditzeko tresnak ere elkarrekin garatu ahal izatea, eta, gainera, askotarikoak dira partekatzeak dituen abantailak: praktika onak ezagutzea, itunak eta aliantzak sortzea, pentsamendua eratzea eta iritziak zein lanerako metodoak alderatzea. Azken batean, elkar indartzea eta osatzea da kontua, bidezkotasuna areagotuz eta beren ahotsak entzunaraziz.
Guztion artean, proposamenean aurrera eginez eta Virginia Woolf Basqueskola eraikiz jarraituko dugu.
Eskerrik asko zuen laguntzarengatik!