Iraida Sáenz de Lafuente Blanco
Aiarako Zinegotzia
[dropcap]01.[/dropcap]
Nola iritsi zinen politikagintzara?
Egia esan, nahiko ustekabean iritsi nintzen politikara. Nire herrian, Aiaran, alderdi berak agindu zuen demokrazia hasi zenetik (30 urtez), eta legegintzaldi ia guztietan eduki zuen gehiengo osoa, agintaldi luze horiek dakartenarekin, eta udalerriaren egunerokotasunerako beste alderdi politikoekin ados jarri behar izan gabe. Eta 2010ean, herritar askok pentsatu genuen hori hautsi behar genuela, Aiarak aldaketa behar zuela, eta horrela sartu nintzen Aiara Batuz-en zerrendara, 2011ko udal-hauteskundeetarako. Inongo alderditan afiliatuta ez geunden hautesle-talde bat ginen.
[dropcap]02.[/dropcap]
Zeintzuk dira politikagintzara sartzean topatu dituzun zailtasun handienak?
Zaila izan da laneko bizitza, bizitza pertsonala, familiakoa eta politikoa uztartzea. Bizitza politikoa, gehienetan, politika egiteko eredu “maskulinotik” egituratzen da, politikagintzara sartzean pertsona bakoitzaren gainerako bizi-alderdiak uzten ez direla kontuan hartu gabe. Zaila da politikan aritzea eta laneko eremuan (denbora lapurtzen diozu) edo familiako eremuan (egotea eskatzen dizuten edo behar zaituzten aldiro ez egoteagatik errudun ez sentitzeko gai izatea) jasotzen dugun presioa albo batera uztea.
[dropcap]03.[/dropcap]
Zerk motibatzen zaitu gehien tokiko politikagintzan?
Nire kasuan, nire herrikideen bizitza hobetzeko orduan nolabait lagundu ahal izatea da pizgarri nagusia, eta, udalerriaz gaindikoaren ordez, udaleko politiketan herriaren eta berori osatzen duten pertsonen beharrak nagusitu daitezen laguntzea.
[dropcap]04.[/dropcap]
Eta zerk motibatzen zaitu gutxien?
Udaleko politikan, hortxe mugitzen bainaiz, alderdi handiek askotan duten borroka –nire ustez absurdoa– eramaten dut gaizkien, udalerriko pertsonen eguneroko bizitzan gutxien eragiten duten kontuak izaten baitira sarri.
[dropcap]05.[/dropcap]
Zer-nolako garrantzia dute, zure ustean, berdintasun-politikek udal mailan?
Nire ustez, ezinbestekoak dira. Ahal den bakoitzean eta gure bizitzako eremu guztietan (politikoan, pertsonalean, familiakoan eta abarretan) erein behar dugu berdintasunaren hazia.
Orain oso “modan” dago berdintasunerako politikak ezartzea, horien zeharkakotasuna adieraztea…, baina, askotan, horri uko egitea politikoki zuzena ez delako egiten da. Beraz, ezin diezaiokegu une honi alde egiten utzi, eta, negatibotzat hartu beharrean, berdintasunerako bidean tokia irabazten jarraitzeko egin ditzakegun ekintza guztiak planteatzeko baliatu behar dugu unea.
[dropcap]06.[/dropcap]
Politikagintza aldatzen ari da emakumeen parte-hartze handiagoari esker?
Nire ustean, emakumeak politikagintzan parte hartzearekin gauzak aldaratzen ari dira, baina ez guri (emakumeoi) gustatuko litzaigukeen abiaduran. Politikan parte hartzen dugun emakumeok gero eta gehiago izango bagina, aldaketa askoz ere azkarragoa eta nabarmenagoa izango litzateke.
Udaleko politikako postu garrantzitsuetan emakumeak egoteak, alkate emakumeak baitauzkagu, baita zinegotzi emakumeak ere tradizionalki gizonek gidatu izan dituzten eremuetan, politika egiteko moduak aldatzen laguntzen du. Beharbada, epe laburrera ez da ikusten, baina epe luzera ikusiko dugu emakumeek parte hartzearekin aldatzen direla eredu politikoak.
[dropcap]07.[/dropcap]
Nola susta litezke aukera politiko ezberdinetako emakumeen arteko itunak xede komunak bilatze aldera?
Emakume politikarien topaketa gehiago eginez gero, argiago ikusiko dugu elkartzen gaituzten gauza gehiago dauzkagula, banantzen gaituztenak baino. Eta elkartzen gaituen guztitik egin behar dugu lan, xede komunak egia bihurtzea nahi badugu.
[dropcap]08.[/dropcap]
Zer proposatuko zenuke Basqueskolarako?
Orain arte bezala jarrai dezala proposatzen diot Basqueskolari; hots, tokiko politikan gauden emakumeoi laguntzen jarrai dezala. Guztiok elkartzeko gunea izatera iristea gustatuko litzaidake, elkarrekin egin dezagun lan.
[dropcap]09.[/dropcap]
Zein aholku emango zenieke politikagintzaren mundura lehen aldiz sartu diren emakumeei?
Batez ere, hauxe esango nieke: politikara sartzen diren emakume guztiek gehitzen dutela zerbait, eta beren aletxoa ematen dutela aldaketarako bidean. Bizipen hau bizitzera bultzatuko nituzke, oso aberasgarria da-eta.