Pilar Lima Gozálvez,
Balentziako Erkidegoko Senataria, gorra, gizarte langilea eta zeinu hizkuntzan aditua
[dropcap]01.[/dropcap]
Nola iritsi zinen politikagintzara?
Bueno, politikatzat zer hartzen dugun. Nire ustez, gizarte-mugimenduek eta gizarte zibileko antolakundeek politika egiten dute jada; alderdien/erakundeen politika beste kontu bat da.
Elkarrizketaren eta negoziaketaren bidez gatazkak ebaztea da politika. Gauzak hobera aldatzea da azken xedea. Hainbat gizarte-mugimendutan egin izan dugu lan hori, eta horregatik uste dut ez naizela orain iritsi politikagintzara.
Hala ere, alderdiko politikaz galdetzen badidazu, istorio luze-luze benetan luzea kontatu ahalko dizut (barrea).
Esan dudan bezala, guztiok egiten dugu politika. Alabaina, M-15 mugimenduarekin eta horren ostean Podemos sortzearekin, aldarri herrikoia igarri zen kaleetan: “Ez gaituzte ordezkatzen”. Aldaketa ekarri zuen horrek: agintea hartuko dugu eta erakundeetara sartuko gara.
Gorra naizen heinean eskubide eskean ibiltzearekin nazkatuta, Podemosek Valentziako Patraix auzoan zuen zirkuluan parte hartzea erabaki nuen. Xedeak argiak ziren: erakundeetan entzun behar dira berdintasun-eza zer den dakiten ahotsak (nire kasuan, eskuak). Herriaren agindua programa modura eta goreneko jomuga gisara, eta, azkenik, xede pertsonalean, hezkuntza-sistema inklusiboa borrokatzea.
Horrelaxe iritsi nintzen alderdien/erakundeen politikagintzara. Pertsona normal bat, behean dauden horietarikoa, gauzak aldatzeko saiakeran.
[dropcap]02.[/dropcap]
Zeintzuk dira politikagintzara sartzean topatu dituzun zailtasun handienak?
Erakundeen immobilismo orokorra, eta, zehazki, Senatuarena. Desberdintasun-ezak ezabatzeko behar diren ekimenen burokratizazio-maila dela-eta, desesperatzeko modukoa da erakunde horiek jendearengana hurbilarazteko aldaketak sortzea. Hori bai, beste gai batzuk azkarrago mugitzen dira; defentsako gastuak areagotzeko ekimenak, adibidez (ulertu didazu). Jendearen beharrekiko lotura-eza oso agerikoa da. Beti esaten dut beraiek direla, politikariak, benetako gorrak, buruko gorraizea dutenak, gizartea hobetzeko zentzuzko proposamenen aurretik jartzen baitituzte alderdien interesak.
Bigarrenik, politikan nagusi den matxismoa, entzute-gabezia, enpatia-gabezia, mespretxua eta elkarrizketa pasiboak baitaude bertan. Erakundeak berak berez eta modu askotan jarrera patriarkalak sustatzen dituelako kontzientzia falta dago, bai eta berdintasuna kuota-kontua bakarrik ez delako kontzientzia falta ere. Gainera, kuoten alderdia ere ez da betetzen.
[dropcap]03.[/dropcap]
Zerk motibatzen zaitu gehien tokiko politikagintzan?
Ez da nire eremua, baina inbidia diot, jendearengandik, kaletik eta beren eskarietatik hurbilen dagoen maila da-eta. Udaleko lana funtsezkoa da; guztiak egin behar du behetik gora, eta horixe da gure maximoetako bat. Antolakunde koordinatua sortzen saiatzen gara, administrazio publikoko maila guztiek egin dezaten lan elkarrekin. Adibidez, zuzenketak udalerrietatik zuzenean jasotzeko bideak sortu ditugu estatuko aurrekontu orokorrekin. Gizarte-langilea naizen heinean, badakit zer-nolako garrantzia duen tokiko eta komunitateko lanak, eta esentzia horren zatitxo bat eraman nahi dugu erakundeetara.
[dropcap]04.[/dropcap]
Zer-nolako garrantzia dute, zure ustean, berdintasun-politikek udal mailan?
Estatuko eta autonomia-erkidegoetako politikek baino garrantzi handiagoa daukate, udaletik ezartzen direlako lehenik, eta horiexek daudelako herritik hurbilago diagnostikoak eta berdintasunerako pedagogia egiteari begira. Horretarako, ordea, maila autonomikoetako eta estataletako finantzaketa behar dute. Berdintasuna behetik gora eginez lortzen da, ez alderantziz.
[dropcap]05.[/dropcap]
Politikagintza aldatzen ari da emakumeen parte-hartze handiagoari esker?
Argi dago funtsezkoa dela politikagintza feminizatzea, gauzak egiteko beste modu bat nahi badugu; giza eskubideen balioen alde zein ingurumenaren alde egiteari begira, adibidez. Administrazio publikoetan hasi behar da despatriarkalizazioa, eta funtsezko oinarria da hori horrenbeste nahi dugun aldaketa lortzeko. Guk parte hartzen ez badugu, guztiak berdin jarraituko du: gu gabe, ez da gure ezer egongo. Erabaki orotan egon behar dira berdintasunaren aldeko ikuspegia eta feminismoa, horrexek ulertzen duelako hoberen gizarte orok duen aniztasuna. Emakumeak egotea oso beharrezkoa da, baina are gehiago emakume feministak egotea; garrantzitsua da ñabardura hori egitea.
[dropcap]06.[/dropcap]
Nola susta litezke aukera politiko ezberdinetako emakumeen arteko itunak xede komunak bilatze aldera?
Bada, alderdi politikoak albo batera utzita; izan ere, zuzenketak eta proposamenak gure artean jorratzen ditugunean, bat egiten dugu xedearekin. Alderdia tartean sartzen denean, ordea, norbera izateari uzten dio batek, eta men egiten du, are akordioari uko egin ere. Eta badakigu prestakuntza feministarik gabeko gizonezkoek gobernatzen dituzten alderdiak. Horientzat, berdintasuna ez da nahitaezko kontua, eta, horrela, ezin da. Horregatik izan behar dira antolakunde politikoak despatriarkalizatuak.
[dropcap]07.[/dropcap]
Zer proposatuko zenuke emakume politikarien artean aliantzak sortzeko?
Alderdikoiak izateari utz diezaiogula, eta leialtasuna berdintasunarekikoa izan dadila. Horrela lortuko ditugu eskuratu gabe dauzkagun eskubideak. Bestetik, elkarrizketarako gune seguruak sortzea proposatuko nuke, baina, horretarako, alderdiko testosterona erantzi behar dugu. Nola? Jakiten dudanean, lehenengoa izango zara horren berri izaten.
[dropcap]08.[/dropcap]
¿Un consejo para las mujeres que acceden por primera vez al mundo de la política?
Eustea, eta norbera izateari ez uztea. Eskubideetan amore ez ematea, eta modu aktiboan borrokatzea behar ditugun gauzen alde. Hau da, feminista izatea eta egunerokotasunean gauzatzea hori, adibide emanez etengabe. Familia-kontziliazioaren alde borrokatzen badugu, kontziliatu. Bestelako jarrerak nahi baditugu, eduki itzazu.
.