Basqueskolak Emakundek EHU-n antolatutako udako ikastaroan parte-hartu du

Basqueskolak Emakundek EHU-n antolatutako udako ikastaroan parte-hartu du

Itziar Carrocera Fernándezek, Santurtziko Udaleko zinegotzi eta Basqueskolako ordezkariak, Virginia Woolf Basqueskola euskal tokiko hautetsiak ahalduntzeko sarea ordezkatu zuen, Berdintasunezko gizarte baterako emakumeen lidergo eraldatzaileak ikastaroan, Emakundek antolatua Donostiako Miramar Jauregian EHUren Udako Ikastaroen barruan.

Jardunaldi hauen helburua gogoeta egitea eta emakumeen lidergo feministarako dauden botere egitura eta oztopo patriarkalak ezagutzea da. Era berean, emakumeen ahalduntzea eta gizarte-eremu guztietan parte hartzea erraztuko duten estrategia, neurri eta ekintza positiboak identifikatzean datza, emakumeen lidergorako beharrezkoak diren baldintzak sortzeko eta erabakiak baldintza berdinetan hartzen parte har dezaten. Bestalde, emakumeen lidergoari buruz ikasitako esperientziak eta ikasgaiak ezagutu eta partekatu dira.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariaren hitzen arabera, “gizarteak emakume gehiago behar ditu erabaki eta lidergo postuetan, ez bakarrik justizia sozialagatik, baita boterea gauzatzeko modu zaharren inertziarekin jarraitzea saihesteko ere”.  Bere iritziz “emakume gehiago izatea, begirada anitza, aberatsagoa eta osoagoa izatea da, osatzen duten pertsona guztiak ordezkatuko dituen gizarte hobea eraikitzeko”. Haren esanetan, “ez da erabakiak hartzeko postuetara iristea denak berdin jarrai dezan, gizarte justuago bat eraikitzeko baizik”.

Itziar Carrocerok Virginia Wolf Basqueskolaren izenean “Esparru politikoko lidergoaren inguruko poiektua” ponentzia aurkeztu zuen. 2012an sortu zenetik Basqueskola proiektuak izan duen ibilbidea azaldu zuen bertan eta nola emakume hautetsiak 2017an sortutako Basqueskola Sareko protagonista bilakatu ziren, formakuntzaren hartzaile huts izatetik barne-sare proiektu horren gidaritza hartu baitzuten. Hala, emakume hautetsiak dira Basqueskolaren estrategiaren buru, ideiak eta ekimen berriak sortuz tokiko udaletan egindako lan politikoari esker eta herritarren eta gizarte osoaren mesedetan.

Ondoren “Emakumeen lidergoak bultzatzeko proiektuak” mahai inguruan parte-hartu zuen, non Nerea Ibañez EnpresariAK Euskadiko Emakume Enpresari, Zuzendari eta Profesionalen Federazioko presidentearekin eta Elena Leiñena UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzako kidearekin espazioa elkarbanatu zuen.

Itziarren esanetan: “Dinamika tradizionalak kolokan jarriko dituzten molde berriak bilatzean datza erronka. Gutxienez, politikagintzan dakigun bezala, nork irabazi eta nork galdu eredu tradizionalean errotuta baitaude. Dinamika hori apurtzean dago gakoa eta aliantzetan eta adostasunean oinarritutako politikagintza eredu berriak bilatzean.”

Scroll to Top