Bego Landa Torre – Gernika-Lumoko Zinegotzia

Begoña Landa Torre

Gernika-Lumo-ko Zinegotzia

[dropcap]01.[/dropcap]

Kontatu nola iritsi zinen lehen aldiz politikara. Zein izan da zure ibilbidea Gernikako udalean?

Egia Esan, hasiera horretan ia ez zidaten aukera gehiegirik eman hautagaia izan nahi nuen pentsatu ere egiteko.  Aspaldi gertatu zen 1995. urtean, eta 24 urte hauetan, 12 izan dira oposizioan eta beste 12 Gobernuan. Garapen Ekonomikoa, Gizarte Ekintzako Sailak eta Kooperazio proiektuak izan dira nire ardura urte hauetan.

[dropcap]02.[/dropcap]

Zerk motibatzen zaitu gehien tokiko politikagintzan ibiltzetik?

Bizitzako beste edozein arlotan bezala, politikagintza ibilbideak ere momentu gazi-gozoak  ditu, baina Herritarren onerako izango den egitasmo bat aurrera ateratzen denean, eta emaitza positiboak ikusi… ez dago hori baino gehiago motiba zaitzakeen ezer.

[dropcap]03.[/dropcap]

40 urte pasa dira bakarrik emakumeak politikan zaudetela, hala ere, legegintzaldi bakoitzean emakume zinegotzi eta alkate hautetsien kopurua handitzen da. Zinegotzi bezala egin duzun lana ebaluatu behar baldin bazenu, zer zailtasun eta zer aukera azpimarratuko zenituzke?

Zorionez, gero eta emakume gehiago animatzen dira politikara salto ematera, baina oraindik lan handia dago egiteko.  Oso emakume gutxi ikusten dira oraindik tradizionalki “gizonezkoen” ardura izan diren Sailetan, Urbanismon adibidez, eta gehiegitan kokatzen gaituzte Arlo Sozialetan.

Badago arlo pertsonalean baloratzeko beste zerbait. Politikagintza eta familia arloa uztartzea ez da erraza izaten emakumeontzat, eta askotan sentitzen dugu ez diegula behar besteko arreta ematen gure etxekoei, horrek suposatzen duen zamarekin.

[dropcap]04.[/dropcap]

Zer-nolako garrantzia dute zuretzat berdintasun-politikek udalerri mailan?

Hain neukan argi berdintasun-politikak garrantzizkoak zirela, Udalean sartu eta gutxira jarri genuela martxan zerbitzu hau. Herrian burutzeko programetaz aparte, Berdintasunerako Igo Udal plana lantzen hasi ginen, 2001eko ekaineko Osoko Bilkuran onartu genuelarik.

[dropcap]05.[/dropcap]

Aurtengo tokiko politikan dauden emakume hautetsi berriei eskeiniko zaien Basqueskolaren Bidelaguntza eta tutoretza programan laguntzaile eta tutore izatea erabaki duzu. Zergatik animatu zara? Nola ikusten duzu esperientzi berri hau? Zer helarazi nahi diozu lagunduko duzun emakume hautetsiei?

Oso interesgarria da ekimen hau nire ustez, urte asko pasa izanagatik, ondo gogoratzen dut zelako despistea neukan honetan hasi nintzenean.

Uste dut eskuzabalak izan behar garela zentzu honetan, eta gure esperientzian ikasi dugunetik eman.

[dropcap]06.[/dropcap]

Zergatik uste duzu garrantzitsua dela gero eta hautetsi gehiagok Basqueskolan parte hartzea? Zer jaso dezakete emakumeek Basqueskola programan parte hartzen badute? Eta zer ekarpen egin ditzakete beraiek Basqueskolaren programan? Nola animatuko zenituzke?

Oso potentea ikusten dut Basqueskola “Sare” bezala, emakumeentzat den foro soil batetik haruntzago doan Sarea, hitz honek dituen esanahi guztiekin.

Dibertsitatea azpimarratuko nuke nik, ezberdinen arteko lana helburu amankomun batekin.

[dropcap]07.[/dropcap]

Politikagintzara lehen aldiz sartzen diren emakumeentzako aholkurik?

Egia esan, ni ez naiz aholkuak ematekoa, baina Maratoi batekin konpara genezake, hau da, argi eduki zeintzuk diren nahi ditugun proiektuen helmugak, baina astiro hasi erritmoa hartzen helmugok bistaz galdu gabe. Tartean, norbere buruari begiratu noizean behin ea zelan sentitzen garen aztertzeko.

Scroll to Top