Emakume Ausarten Herrialderako bidaia
Ekainaren 3tik 7ra, emakume salvadortarrekin ahalduntzearen, parte-hartze politikoaren eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako borrokaren inguruko esperientziak partekatzeko aukera izan genuen, esperientziak trukatzeko antolatu zen «Emakumeek udal-eremuan duten parte-hartzea: lorpenak eta erronkak» topaketaren esparruan.
Bada, «Berdintasunaren aldeko eta indarkeria deuseztatzeko emakumeak eta politikak» izeneko lankidetza-proiektuan dago kokatuta topaketa hori, non Lankidetzarako Euskal Agentzia eta NBE Emakumeak-El Salvador dabiltzan elkarlanean (El Salvadorren indarkeriarik gabe bizitzeko eskubidea eta emakumeak toki-mailan eta politika-arloan ahalduntzea sustatzeko asmoz egiten du lan NBE Emakumeak-El Salvador ekimenak).
EUDELen ordezkariak eta Basqueskola Sareak, Josune Irabien Amurrioko alkateak, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak, Eukene de Miguel EUDELen berdintasun-teknikariak eta Maria Sierra Emakundeko teknikariak osatzen dugu euskal ordezkaritza, Maite Garmendia eta Edurne Bengoetxea Lankidetzarako Euskal Agentziako teknikarien euskarri eta laguntzarekin batera. Ekainaren 3an Bilbotik atera ginenetik, taldearen sintonia eta konplizitatea erabatekoak izan ziren, eta halaxe jarraitu zuen izaten bidaia osoan zehar, El Salvadorko lur beroetara iritsi eta han lan-eremuak, antolaketa-bilerak, elkarrizketa asko eta atseden-guneak partekatu genituen egun guztietan.
«Jet lag» ezagunaren ondorioengatik jota geunden arren, goizean goizetik partekatu genituen gosariak eta solasaldiak, El Salvadorreko egoera politikoari, hautatu berri duten presidente salvadortarrari eta haren taldeari, Twitter bidez garatzen duen politikak emakumeen bizitzan izan ditzakeen inpaktuei eta Euskal Herriko eta El Salvadorreko politikagintzak dauzkaten antzekotasun eta desberdintasunei buruz aritzeko.
Hilaren 4an, San Salvador hiriaren erdiguneko bizitzan sartu-irten bat egin ondoren, harremanetan jarri ginen NBE Emakumeak taldeko kide salvadortarrekin, Miriam eta Rosario buru zirela. Horiexek izan ziren gure anfitrioiak, eta jarrera abegikorrez eta umore-dosi handiz gidatu gintuzten ia guztiok errealitate salvadortarrarekin izan dugun lehen hartu-emanean. Izaskun Landaidak bakarrik hartu zuen parte 2015ean proiektu beraren esparruan antolatu zen topaketan.
Bilera hartan, hainbat gobernu-erakunderekin (hala nola, El Salvadorko Udal Garapenerako Institutuarekin (ISDEM) eta El Salvadorko Emakumeak Garatzeko Institutuarekin (ISDEMU)) teknikoki nahiz politikoki sustatzen eta babesten dituzten askotariko programa eta ekimenen aurrerapenen berri eman ziguten. Izan ere, generoa tokiko politikan zeharkako gaia izateko toki-araudiaren ezarpena koordinatzen eta babesten dute bien artean, plangintza-tresna baten bidez. Halaber, El Salvadorko emakumeenganako indarkeriaren aurka borrokatzeko ekimenen adibide gisa, ODAC-UNIMUJER deritzotenak (indarkeria matxistan espezializatuta dauden 35 salaketa-bulegoak) ekipatzeko lanean egindako aurrerapenen berri eman ziguten, bai eta Polizia Nazional Zibilaren Berdintasunerako Unitatearekin egiten ari diren lanean egindako urratsez hitz egin ere.
Hilaren 5ean eta 6an, batzar legegileko emakume diputatuekin, ANDRYSASeko (El Salvadorreko errejidore, sindiko eta alkateen elkarteko) alkate eta zinegotziekin, berdintasunerako udal-unitateetako eta ISDEMUko teknikariekin eta mugimendu sozial eta feministetako emakume liderrekin elkartzeko eta horiekin esperientziak trukatzeko foroan hartu genuen parte. Gune hartan, emakumeen eskubideak defendatzeko eta emakumeenganako indarkerien aurka borrokatzeko lege-aldaketak, politikak eta programak abiarazteko nahiz mantentzeko asmoz emakumeek askotariko foro politikoetan erakusten dituzten ausardia eta erresistentzia ikusi genituen.
Ordena, ideologia eta egoera guztietako emakume eredugarriak ezagutzeko aukera eduki genuen, eta beren bizipenez, lortutako aurrerapenez eta politikoki, teknikoki nahiz bizipen arlotik garatzen dituzten estrategiez hitz egin ziguten. Horien artean, bereziki eragin ziguten Elisa Zepeda Oaxacako alkateak (Mexiko) eta Maria Arboleda Elisa Ekuadorreko aholkulari eta aktibistak (aholkularia da genero-, kulturartekotasun- eta deszentralizazio-gaietan, eta emakumeen eskubideen aldeko ibilbide luzeko aktibista da), eta tratu hurbilagoa izan genuen haiekin. Bada, tokiko politikan modu aktiboan parte hartu nahi izateagatik berak eta bere familiak jasan zuten eraso izugarri batetik bizirik atera zela kontatu zigun Maria Arboledak foroan, eta hainbat elkarrizketa eta hausnarketa partekatu zituen gero gurekin, tokiko politikaren, emakumeek politika horretan duten tokiaren eta estatuko batzarreko diputatu hautetsi gisa dituen esperientzien inguruan mintzatzeko.
Erdialdeko Amerikako politikaren gainean dituen ezagutzak eta analisi kritikoa partekatu zituen gurekin Mariak, eta emakumeak politika-arloan ahalduntzeko estrategien inguruan eztabaidatu genuen berarekin.
Hilaren 7an, ODAC UNIMUJERen proiektu bat bisitatzera eraman gintuen NBE Emakumeak taldeak (esan dugun moduan, salaketarako eta herritarrei arreta emateko bulegoaren unitate instituzional bat da, indarkeria-egoeran dauden emakumeei arreta espezializatua ematen diena), Santa Ana hirian bulego bat baitzegoen ekipatuta. Han, unitateaz arduratzen diren ofizialekin hitz egin ahal izan genuen, eta instalazio haietara jotzen duten emakumeen errealitatearen gaineko ideia bat egin ahal izan genuen, arreta- eta babes-prozedurak ezagutzeaz gain.
Handik, El Salvadorreko «Loreen ibilbiderantz» jarraitu genuen bidaia, eta landare nahiz lore tropikalen baratze batera iritsi ginen, non ANDRYSASen «Gobernatzen ikasten» izeneko prestakuntzan (ONU Emakumeak taldeak sustatua) parte hartzen ari ziren tokiko errejidoreekin eta liderrekin hitz egin eta bazkaldu genuen. Bizipen hunkigarri eta zirraragarria izan zen guretzat, beren komunitate eta udalerrietan karguak hartzeko eta horietan lan egiteko garapen- eta ahalduntze-moduez hitz egiten entzun baikenien emakume haiei.
Kafe-soroz eta lorez inguraturik ukitu koloniala kontserbatzen duten hainbat herritan ibili ondoren, San Salvadorrera itzuli ginen itzulerako hegaldia hartzeko, baina ez trafiko-ilarak bizi aurretik (are, hegaldira garaiz iritsiko ez ginela pentsatu genuen!).
Bidaian izugarri ikasi dugu. Alde batetik, nolabaiteko xehetasunez kontatu ahal izan dugu Basqueskolan egiten dugu lana, eta bestelako ingurune batera eraman ditugu gure proiektua, lana eta ilusioak. Gainera, gure lanaren inguruko ikusmira sortu zen, bide onean goazelako seinale.
Bestetik, honako hau ikasi dugu beste emakume batzuek gurekin partekatu dituzten esperientzietatik: mundu hain globalizatuan, toki guztietan daude desberdinkeriak. Emakume gisa zati aktiboa izateko arrazoiak gurekin etorri dira, beti dagoelako ibiltzeko eta hobetzeko bidea. Berdintasuna, benetako berdintasuna, guregandik abiatzen da, politika aktiboan egonik gauzak aldaraziko dituzten aldaketak eragin ditzaketen emakumeengandik. Azken batean, munduko edozein txokotan errepikatzen baita Basqueskolaren xede nagusia.


