Virginia Woolf Basqueskolako hautetsiak nazioarteko topaketa-sareak sortzen

Virginia Woolf Basqueskolako hautetsiak nazioarteko topaketa-sareak sortzen

[su_heading]Virginia Woolf Basqueskolaren nazioarteko ildo estrategikoaren barruan kokatzen dira topaketa horiek guztiak, eta beste herrialde batzuetako emakume hautetsiekin sareak ehuntzeko xedea daukate, ezagutzak nahiz baliabideak partekatzeari eta emakumeen ekintza politikoa toki-mailan indartzeari begira, esperientziak trukatuz.[/su_heading]

  1. Josune Irabien Marigorta, Amurrioko alkatea, Indian, Vicente Ferrer proiektua bisitatzen
  2. Pilar Legarra Cortajarena, Asteasuko alkatea, El Salvadorren, Colectiva Feministako emakumeekin
  3. Paula Amieva Clemente,  Getxoko zinegotzia eta Aintzane Urkiza Pérez, Galdakaoko, zinegotzia Marokon, Africities foroan

1.- ANANTAPUR, INDIA

Josune Irabien Marigorta, Amurrioko alkateak, Estibaliz Sasiain Furundarena, Berdintasunerako zinegotziarekin eta Vicente Ferrer GKEarekin kolaboratzen duten beste euskal agente batzuekin batera, Anantapur barrutia bisitatu zuen duela bi aste, Indian.

Landa-komunitateetako emakumeen ahalduntzeari laguntzea izan zen bidaiaren xedeetako bat, bai eta etxebizitzaren, berdintasunaren, hezkuntzaren eta gizarte-zerbitzuen arloko aurrerapenak nola gidatzen dituzten ikustea ere.

Han jada, azken hilabeteetan Bommanahal komunitateko bizi-baldintzak hobetzeko eraiki diren etxebizitzak inauguratzeko aukera izan zuten, etxebizitza duinak eraikitzen laguntzen baitu udalak. Xede horrekin eta komunitate zaurgarrienetan lan argia eginez, garapenaren oinarrizko zutabeen gainean epe luzerako irtenbideak ekarriko dituen aldaketa abiatu nahi da. Oinarrizko zutabe horien artean, emakumeen egoerak kezkatzen du, familiaren zutabe eta diskriminazio-xede baitira. Haien ahalduntzeari bide egiteko, programa espezifikoak bisitatu zituzten, emakumeen arteko sareak sortzeak duen garrantziari helduz. Bada, Virginia Woolf Basqueskola ekimena ezagutarazteko eta arazo komunez hitz egiteko baliatu zuten aukera hautetsiek, eta emakumeen lanari nahiz emakumeek aldaketak elkarrekin eragiteko duten gaitasunari balioa emateko irtenbide partekatuez jardun zuten.

Josune Irabienek hau nabarmendu du:

«Ikusi ditugun emaitzekin oso hunkituta itzuli gara, eta etxea edozein izanik ere komunitateko biztanleek elkar laguntzeko proiektu integratzailea dela egiaztatu ahal izan dugu. Era berean, emakumeok ondo antolatuz gero edozein aldaketa gauzatu daitekeelako uste osoarekin irten gara».

 

2.- COLECTIVA FEMINISTA

Azaroan baita ere, Pilar Legarra Cortajarena,  Asteasuko alkateak, El Salvadorrera bidaiatu zuen. Aitzondo, Asteasu, Aduna, Zizurkil eta Villabona udalerrien (Gipuzkoa) eta Morazan departamenduko Segundo Montes komunitatearen arteko senidetzea izan zen hara joateko arrazoia. Halaber, Euskal Fondoko kide gisa, genero-ikuspegia duten proiektuak bisitatzeko aprobetxatu zuen bidaia, euskal udalerrietako funtsekin finantzatzen baitira horiek. Besteren artean, udalerrietara ura ekartzeko proiektuak daude, eta, horietan, iturgintza-lanetan gaitzeko ikastaroak jasotzen dituzte emakumeek, eta uraren arloko udal-batzarretan hartzen dute parte gero, erabakiak hartzeko ahalaz.

Alkatearen hitzetan:

«Bidaia benetan interesgarria izan da; lurra ukitzea eragin dit, hots, hain ezberdina den nazio baten errealitatea zapaltzea. Eguneroko agenda zabalaren barruan, Colectiva Feministarekin bilera bat edukitzeko aukera eduki dut. Suchitoto udalerrian dauka egoitza, eta, batez ere, landa-munduan egiten du lan ».

Colectiva Feministak emakumeen eskubideen defentsarekin eta aitortzarekin duen konpromisoa eta, erakunde publikoekin nahiz gizarte zibileko elkarteekin koordinatuta lan eginez, emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko, salatzeko, artatzeko eta deuseztatzeko arloan egiten duen ekarpena nabarmendu ditu bere bidaiatik.

3.- AFRICITIES-EN GOI-BILERA MAROKON

Eta, aurreko hilabetean baita ere, Basqueskolako bi ordezkarik (Paula Amieva Clemente, Getxoko zinegotziak eta Aintzane Urkiza Pérez, Galdakaoko zinegotziak) Africities foroko dinamika batean hartu zuten parte, Marokon, eta, bertan, oso errealitate ezberdinak dituzten Afrikako eta Europako hainbat herrialdetako pertsonekin partekatu zituzten tokiak. Forumean bertan, gai nagusia gazteak politikan izateagatik gonbidatu zuten Paula Amieva, munduko bazter batetik bestera bizitzeko eta politika egiteko orduan dauden lehentasunak nabarmen alda daitezkeela egiaztatzeko.

Askotariko errealitateak dauzkaten herrialdeetako (hala nola, Ingalaterrako, Etiopiako, Eskoziako eta Nigerreko) ordezkariekin eta are Europako Batzordeko ordezkariekin egin zuten harremana, eta bat egin zuten gazteek gure etorkizuna eratuko duten politiketan egon behar dutela baieztatzean, beharrezkoa baita agenda orokor horiek berriro eratzea.

Paula Amievarentzat:

«Marokoko jardunaldietan, kontinente guztietako errealitate guzti-guztiak ulertu behar ditugula ikasi dut, bai eta agenda orokorrak aldatu behar direla ikasi ere, guztion giza eskubideak betez bizitza jasangarria edukitzea bermatuko duten politikak jaso ditzaten. Eta, jakina, aldaketa horretan gazteak, emakumeak eta premia gehien dauzkatenak ere kontuan hartu behar dira».

Scroll to Top