Tokiko politikan berdintasunaren alde lan egiteko proposamena aurkeztuko du Virginia Woolf BASQUESKOLAk

Tokiko politikan berdintasunaren alde lan egiteko proposamena aurkeztuko du Virginia Woolf BASQUESKOLAk


Virginia Woolf Basqueskola EAEko udaletako emakume hautetsien sareak parte hartuko du Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) biltzarrean, parte-hartze politikoan genero-berdintasunaren alde jarduteko jarduera on gisa aurkezteko EUDELen eta EMAKUNDEren ekimena. Biltzarra Bilbon egingo da, ekainaren 11tik 13ra bitartean. Nazioarteko biltzar horren esparruan, beren esperientziak partekatzeko aukera edukiko dute VW Basqueskolako alkate eta zinegotzi emakumeek, bai eta giza eskubideen buru eta defendatzailea den Rigoberta Menchú Bakearen Nobel saridun guatemalarrarengandik ikasteko abagunea eduki ere.

Virginia Woolf Basqueskolaren ibilbidea eta xedeak aurkeztuko dituzte Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak eta Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, “Parte-hartzea, politika, boterea” izeneko I. saio paraleloaren esparruan. Emakumeen eta gizonen berdintasunezko parte-hartzearen eta eraginaren inguruko jarduera onak aztertzea da saioaren xedea, herritarrei nahiz erakunde publikoei dagokienez; izan ere, demokrazia eraginkorra eta gobernamendu ona edukitzeari begira, beharrezko betekizuntzat hartzen dira jarduera on horiek.

    

Ondoren, euskal emakume hautetsien eta Rigoberta Menchúren arteko topaketa egingo da. Parte-hartzearen eta lidergoaren inguruko esperientziak eta estrategiak emakume horrekin partekatzeko gune pribilegiatua izango da hori, gizarte-aldarrikapenaren eredua baita Menchú, bizitza politikoan eskarmentu handia duena.

Hirien eta Tokiko Gobernuen Batasunak (CMRE da elkarte horren sekzio europarra) balioesten duenez, munduko zinegotzigoen % 20 eta alkatetzen % 5 bakarrik hartzen dituzte emakumeek. Desoreka hori demokraziaren aurkakoa da, eta zuzendu egin behar da. Anne Hidalgo Parisko alkateak adierazi zuen bezala: «Ezin dezakegu erabaki politikoak hartzeko guneetatik baztertu gizartearen erdia».

Lan handiko hiru egun horietan, 40 herrialde baino gehiagoko udalerriak hartuko dituzte EUDELek eta Bilboko Udalak. Batez ere, Europakoak izango dira, baina baita Amerikako, Afrikako eta Asiako herrialdetakoak ere. Herrialdeen ordezkaritzetan, alkateak, tokiko eta eskualdeetako buruak, Europako erakundeak eta nazioarteko erakundeak egongo dira; aurreikuspenen arabera, 500dik gora.

Etorkizuneko politiken lerroak elkarrekin eraikitzea izango da espazio horren helburua, eta zeharka egingo da lan tokiko berdintasunaren, inklusioaren eta aniztasunaren ardatzen gainean. Egun horietan, Europako gizartearen paisaia eraldatzeko urratsak marraztu ahalko dira.

 

Scroll to Top