Pilar Legarra Cortajarena

Pilar Legarra Cortajarena
Asteasuko Alkatea

[dropcap]01.[/dropcap]

Nola iritsi zinen politikagintzara?

Urte batzuk badira, hainbat eskaintza jaso nituela, baina momentu hartan ezezkoa eman nien nire familia egoera zela eta; orduan, oraindik nire alaba eta semeak nire presentzia oso beharrezkoa zutela iruditzen zitzaidan. Orain 5 urte onartu nuen, nire bizitzako beste momentu batean nengoelako eta indarrarekin sentitzen nintzelako.

[dropcap]02.[/dropcap]

Zeintzuk dira politikagintzara sartzean topatu dituzun zailtasun handienak?

Niretzat nire familiak zuen lehentasuna . Hau emakume askok jartzen dugun mugetako bat da. Familia eta politika arloak askotan bateraezinak dira. Udal txikietan politikariak ez dira liberatuak egoten eta horrek asko zailtzen du arduren banaketa, eta bilerak ere lan ordutegietatik kanpo egitera behartzen zaitu.

[dropcap]03.[/dropcap]

Zerk motibatzen zaitu gehien tokiko politikagintzan?

Oso polita da zure herriarentzat lana egitea; herritarrenganako erlazioa oso gertukoa da eta ahal duzun hoberena lana egitean saiatzen zara. Lana tadean egitea oso aberasgarria da, eta emaitzak ere gertutik ikusgarriak izanik, asko bultzatzen zaitu jarraitzera.

[dropcap]04.[/dropcap]

Eta zerk motibatzen zaitu gutxien?

Dedikazio handia eskatzen du, eta lanak ez du ordutegirik. Ardurazko lana da eta askotan “norberarentzako denbora” eta familia baztertzen dira. Familiaren ulermen handia eskatzen du lan honek.

[dropcap]05.[/dropcap]

Zer-nolako garrantzia dute, zure ustean, berdintasun-politikek udal mailan?

Garrantzi handia dute baina ez da berdina udal handi edo txiki batean aritzea. Udal ordenantzak onestea erraza da baina hor jasotakoak benetan aurrera eramatea ez hainbeste. Udal txikietan ez daukagu langile nahikorik horretarako eta politikariaren borondatearen gain geratzen dira honelako nahiak. Egia da Aldundiek aholkularitza ematen digutela, baina ez langile teknikorik, eta ez da zuzena gizarte zerbitzuetako arloaren gain lan hauek uztea, orain udal txiki gehienetan gertatzen den bezala. Benetan aurrera egin nahi badugu zeharkakotasuna bilatuz, beste bide batzuk hartu beharko genituzke.

[dropcap]06.[/dropcap]

Politikagintza aldatzen ari da emakumeen parte-hartze handiagoari esker?

Bai, emakumeok beste begirada bat dugu, beste egiteko modu bat dugu, nahiz aurretikako ereduak gehienetan falta izan eta konturatu gabe ere gizonezkoen egiteko moduak imitatu. Emakumeok zentzutasuna, praktikotasuna eta entzumen gaitasuna ematen ditugula uste dut.

Baita, askotan, prestakuntza hobea ere. Dena dela, emakumearen ordezkaritza eremu publiko eta agintean, oraindik txikiegia da; legearen aurrean berdinak gara , baina berdintasunetik abiatuta parte hartze ezberdina mantentzen duen genero ezberdintasuna hor dago oraindik. Dena dela bagoaz aurrera poliki-poliki eta horretan mantendu behar gera, gure artean babestuz.

Guk AHAL dugu, guk BADAKIGU

 

[dropcap]07.[/dropcap]

Nola susta litezke aukera politiko ezberdinetako emakumeen arteko itunak xede komunak bilatze aldera?

Eredugarria litzateke hori lortzea. Emakumeon arteko erlazioak eta elkar ezagutza bultzatzea oso beharrezkoa da. Baqueskola bezalako espazioak garrantzitsuak dira guretzat, bakoitzak lantzen dituen gaiez hitz egiteko.

Nola iritsiko gera paktuetara gehienetan ez gera elkar ezagutzen eta?

 

[dropcap]08.[/dropcap]

Zer proposatuko zenuke Basqueskolarako?

Emakume politikarientzat elkargune bat izatea, beste kultura politiko bat eratzen joateko, balore, jokamolde eta elkartrukatutako esperientziez osatua, errealitatea beste begirada batekin hautemateko.

Beti balio maskulinotzat jo diren agresitibitatea, lehia edo lorpena, beste eredu batzuekin ordezkatzea, emakumeen lidergoa eraikitzen joateko  gizonezkoen egiteko formak imitatu beharrik gabe.

Ez dakit honi Formakuntza deitu behar zaion, baina elkar ezagutzarako espazio bat eskaintzea besterik ez bada ere, garrantzia izango du norbera eta taldearen ahalduntzerako.

 

[dropcap]09.[/dropcap]

Zein aholku emango zenieke politikagintzaren mundura lehen aldiz sartu diren emakumeei?

Politikagintzan sartzea soilik ahalduntze prozesuan pausu garrantzitsua suposatzen du eta zoriondu egingo nuke. Ez naiz aholku eman zale baina bere egunerokotasunaz gozatzeko, bere buruaz konfiantza izateko esango nioke, seguru ondo egingo duelako lana. Hau azpimarratzen dut, zeren esparru publikoan emakumeen lana luparekin begiratzen da. Baita ere bere denbora ahal duen hoberen kudeatzea aholkatuko nioke, bere bizitzako esparru ezberdinak orekatzeko, dena ez baita politika eta “norberaren denbora” gordetzeko.

 

Scroll to Top