Nagore Basurto Escamilla

Nagore Basurto Escamilla

Errenteriako zinegotzia

[dropcap]01.[/dropcap]
Nola iritsi zinen politikagintzara?

Kasualitate hutsez iritsi nintzen politikara, 2014an, Podemosek Europako hauteskundeetan izandako emaitza onen ondoren. Beste asko bezala, ez nengoen pozik alderdi politikoekin, eta 18 urte nituenetik lehen aldiz ez bozkatu eta gero, Podemosek komunikabideetara egin zuen jauzi. Ordurako, Pablo Iglesiasen hitzartzeren bat ikusita neukan telebistan. Podemosek nire inguruan zuen zirkuluren baten bila hasi nintzen Internet arakatzen, eta Errenteriakoa topatu nuen. Batez ere kuriositatez erabaki nuen hurbiltzea, eta gehiago bilatzen nuen zer egin zezaketen nigatik, nik haiengatik egin nezakeena baino. Handik aurrera, guztia gertatu zen azkar, eta, ia konturatu ere egin gabe, kideek bultzaturik, uda-gobernuaren taldera sartu nintzen, ardurapean bi zinegotzigo eta patronatu bat nituela.

[dropcap]02.[/dropcap]
Zeintzuk dira politikagintzara sartzean aurkitu dituzun oztopo nagusiak?

Egia esan, nire kasuan, bilatu gabe sartu naiz bizitza politikora. Zailtasuna, hala deitzerik badago, mundu horretara sartu nahi ez izatea izan zen, ez bainuen inoiz pentsatu politikan aritzea. Zailtasunak gero etorri dira, gaur gaurkoz gizonentzat eta gizonen neurrira eginda dagoen mundu honetan. Eremu guztietan sustatu behar da emakumeek politikan parte hartzea, aldaketarik izango bada feminista izango delako.

[dropcap]03.[/dropcap]
Zerk motibatzen zaitu gehien tokiko politikagintzan ibiltzetik?

Nire ustez, tokiko politika da guztien artean motibatzaileena, horixe baita herritarrengandik hurbilen kokatzen zaituena. Politika ez da erakundetik eta bulegoan bakarrik egiten: inguruan dugun jendeari entzunez politika egiten da, eta, niretzat, oso aberasgarria da nire herriko jendeak kaletik gerarazi eta egunerokotasunean dauzkan arazoak kontatzea.

Politikak duen gaitz handienetakoa da jendeak zer nahi duen dakigula uste izatea eta lau urterik behin bozkatzea besterik behar ez duela pentsatzea, eta ez da horrela. Jende gehienak ez du hauteskunde-programa irakurri ere egiten, eta horregatik egin behar da politika egunero eta eremu guztietan. Egunero eta legegintzaldiaren aurretik, ondoren eta bitartean parte hartzeko eta herritarrei entzuteko guneak sortu behar dira. Eta ez dugu ahaztu behar ez gaudela hemen herritarren gainean boterea ezartzeko, beren interesen ordezkari izateko baikaude, eta beraiei galdetuta eta entzunda bakarrik jakingo dugu zein diren interes horiek.

[dropcap]04.[/dropcap]
Eta gutxien?

Zalantzarik gabe, erakundeen zurruntasunak, baina hori maila guztietan gertatzen dela pentsatzen dut, eta ez dela tokiko kontua bakarrik. Oro har, oso administrazio zahar eta zaharkitua daukagu, duela 40 urteko lege eta araudiek gidatzen dutena. Administrazio guztiak gaur egungo gizartera egokitzeko ordua da, gaur dauzkagunak ez bezalako lankidetza-bideak eratzekoa, administrazio arinagoa, eraginkorragoa, efizienteagoa eta gardenagoa lor dezagun. Esan beharra daukat Errenterian urrats garrantzitsuak ari garela ematen zentzu horretan, baina hobetzeko asko dago oraindik ere.

[dropcap]05.[/dropcap]
Zer-nolako garrantzia dute zuretzat berdintasun-politikek udalerri mailan?

ERABATEKOA. Zoritxarrez, gizarte heteropatriarkalean bizitzen jarraitzen dugu, eta erakundeen eremu guztietatik sustatu behar dira berdintasun-politikak. Mugimendu feministarekin batera lan egiten jarraitu behar da, bai eta sentsibilizatzen eta hezten jarraitu ere, prebentzioari begira, atsekabetu behar izan ez gaitezen. Ahalduntzeko guneak bultzatu behar dira, eta emakumeak eroso sentitzeko eta tokiko politikan parte hartzeko baliabide esklusiboak sortu.

Indarkeria matxistaren biktimei babesa ematen jarraitu behar dugu, eskura dauzkagun bitarteko guztiak eskainiz horiei. Halaber, beste erakunde batzuekin dugun koordinazioa hobetu behar dugu; hala nola, epaileekin eta Ertzaintzarekin duguna.

Eta, jakina, guztiok elkarri eskua emanda ibili behar dugu, emakumeek beren burua defendatu beharrik izango ez duten eta beldurrik sentituko ez duten gizartea –edo udalerria– eraikitzera iritsi arte; emakumeak benetan askeak izango diren Errenteria eraiki arte.

[dropcap]06.[/dropcap]
Emakumeen parte-hartze handiagoa egotearekin politikagintza aldatzen ari da?

Zalantzarik gabe, politika aldatzen ari da, baina ez nintzateke ausartuko esatera emakumeen parte-hartzeari esker denik; ez, behintzat, ikuspuntu instituzional batetik. Hala ere, zerbait ona eransten egotea espero dut. Gizartea aldatzen ari delako ari da politika aldatzen, gizartea aldaketaren aldeko presio handia eragiten ari baita, martxoaren 8an ikusi ahal izan genuenez; 2019an ere gauza bera ikustea espero dut.

Mugimendu feministak 40 urte baino gehiago daramatza borrokatzen, aldaketa horren eragilea izaten eta politika kalean egiten, zeina are garrantzitsuagoa den.

Guk, erakundeetan gauden emakumeok, neurria ematen jakin behar dugu, eta argi izan behar dugu herri-mugimenduaren presiorik gabe ez ginatekeela gauden tokira iritsiko. Edo eskua emanda goaz, edo ez dugu aurrera egitea lortuko.

[dropcap]07.[/dropcap]
Nola bultza litezke hautu politiko ezberdina egin duten baina xede komunak bilatzen dituzten emakumeen arteko itunak?

Uste dut horren adibide argia dela Basqueskola. Kontu batzuetan ideologikoki urrun egon gaitezkeen arren, politikan gabiltzan emakume guztiok beste kontu asko partekatzen ditugulako uste osoa daukat. Lotzen gaituen horretara biltzen badugu gogoa, indartsuagoak izango gara, eta politika feminizatzeko eta bertan gure tokia aurkitzeko aukera handiagoa izango dugu, bai guretzat, bai gerokoentzat.

[dropcap]08.[/dropcap]
Zer proposatuko zenuke Basqueskolarako?

Politikan aritzeko aukera aztertzen ari diren emakumeekin lan egiteko modua bila dezala proposatuko nuke, politikarako aukera dugunean larritzen gaituzten beldurrak deuseztatzeari begira, politikan gabiltzan edo ibili garenekin elkartzeko topalekuak sustatuz.

Gizonak bezain trebeak edo horiek baino trebeagoak garelako ideia helarazi behar zaie emakume guztiei, eta, zalantzak badauzkate, bidelagun izateko gaudela hortxe.

[dropcap]09.[/dropcap]
Politikagintzara lehen aldiz sartzen diren emakumeentzako aholkurik?

Huts egiteko beldurrik izan ez dezatela, ondo egindakoetatik baino gehiago ikasten baita okerretatik, eta guztia jar dezatela zalantzan. Ez dezatela ezer jo segurutzat, eta ez dezatela inoiz onar ezezko bat, zergatia galdetu gabe. Beti dago aukeraren bat: guztia da posible, ordezko bideak bilatzen saiatzen bagara.

 

 

Scroll to Top