“Mentoring eta Akonpainamendu-erdeduak” Lan-saioa
Urriak 31, EUDELen egoitza, Bilbo
Askotariko mentoring- eta akonpainamendu-ereduak esploratzeko xedez, hautetsi berriei harrera egiteko lan-arloak topaketa irekia antolatu zuen urriaren 31n, asteazkenean, Eudelek Bilbon duen egoitzan. Bertan, Virginia Gómez Sierra MET Euskadiko zuzendaria eta Lorena Fernández INSPIRA STEAM ekimeneko kidea egon ziren, enpresa- eta zientzia-eremuan mentoretza-ereduak garatzen dituzten programetan adituak horiek.
Bi metodologiak hurbiletik ezagutzeko aukera eman zuen saioak, bai eta abiarazte- eta segimendu-prozesuak eta adituek beren lan-eremuetan ikasitakoak eta hauteman dituzten jarduera onak ezagutzeko parada eman ere. Kontsulta horiek Basqueskola Sareko hautetsien lan jarraituaren zati dira, 2019ko hauteskundeen ondoren udaletara sartuko diren hautetsi berrien bidelagun izateko programaren oinarriak finkatzeari begira

EAEko alderdi politiko nagusietako hautetsi parte-hartzaileek, Basqueskola Sareko kideak izaki, ordu eta erdiko saioa partekatu zuten aditu gonbidatuekin, eta adituek beren programak eta horien gaineko ondorioak aurkeztu zituzten. Halaber, ekimen berrirako aukera onenak profesionalekin erkatzeko aukera izan zuten hautetsiek.
Josune Irabien Amurriko alkateak zioen moduan
“Lehenengo unea oso garrantzitsua da. Emakumeak politikan parte hartzen hasten direnean, hasiera hori etsigarria izatea saihestu behar da. Erraztasunak eman behar dizkiegu, bai emakume hautetsi berrien parte-hartzeak gora egin dezan, bai postuetan geratzen direnen indizeak hobetu daitezen.”
Hori dela-eta, Basqueskola Emakume Hautetsien Sareak lidergo eraldatzaile bateranzko lan-eremu garrantzitsua identifikatu du, emakumeek beren udaletan eragiteko duten gaitasuna landu dezaten eta udaleko politika publikoetan genero-ikuspegia txertatzeko ezagutzak areagotu ditzaten.
Basqueskola Sareko hautetsiek eta MET Euskadi eta INSPIRA STEAM ekimenetako ordezkariek bat egin zuten emakumeen sareek eransten duten balio altuaz hitz egitean, izan ere, sare horien bidez, errazagoa da aurrerapenak egonkortzea, laguntzak eta informazioa partekatzea eta berritzen jarraitzea, eta ez norberaren eremu partikularrei dagokienez bakarrik, baita hainbat eremutako emakume profesionalen sareen arteko loturak zabaltzeko ere.
Lehenengo topaketaren ostean, 2019an hasiko den legegintzaldian hautetsi berrien bidelagun izateko proiektu berria abiarazteko lanean jarraituko du VWBasqueskolaren Harrera Batzordeak.