
Duela aste batzuk, El Salvadorreko politikarien ordezkaritza bat Euskadin izan zen, eta emakumeen ahalduntze esperientziak trukatu zituen udal esparruko kargu politikoekin. NBE Emakumeak-ek, El Salvadorreko Emakume Erregidoreen, Sindikalen eta Alkateen Elkarte Nazionalak (ANDRYSAS) eta eLankidetzako erakundeek bultzatutako elkartruke teknikoko ekimen baten emaitza izan zen misioa. Ekimen horretan, Emakundek eta EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteak hartu zuten parte, Euskadiko tokiko hautetsien sarearekin batera (Virginia Woolf Basqueskola).
Salvadorreko ordezkaritzak lan-tailerretan parte hartu zuen Emakunde, eLankidetza, Euskal Fondoa, Arabako Lautadako Koadrila, Amurrioko Udala, Gizonduz eta abarrekin. Horrez gain, Gasteiz, Tolosa, Basauri eta Portugaleteko emakumeen etxeak gertutik ezagutu zituzten.
Misioaren xedea zen Euskadiko eta El Salvadorreko udalerrien jardunbide egokiak gizarteratzea, emakumeen eta gizonen berdintasunerako tokiko plangintzan, eragin politikoan eta emakume liderren eta emakume politikoen prestakuntza-prozesuetan.
Bisitaldiari amaiera emateko, azken egunean, El Salvadorreko misioko emakumeek eta VWBasqueskolako euskal emakume hautetsiek lan-jardunaldi bat partekatu zuten EUDELen. Bertan, aliantzetarako estrategiei buruz eta indarkeriari aurre egiteko mekanismoei buruz hausnartu zuten.