Aintzane Urkijo Sagredo

Aintzane Urkijo Sagredo

Santurziko Alkatea

[dropcap]01.[/dropcap]
Nola iritsi zinen politikagintzara?

Egia esan, beti bizi izan naiz proiektu honi lotuta. Egun batean, zinegotzi aurkeztea proposatzen dizute, eta onartu egin behar duzula sentitzen duzu, zure konpromisoaren zati delako. Zinegotzi-lanetan bi legegintzaldi egin ondoren, Alkatetzarako hautagai izatea proposatu zidaten, eta onartu egin nuen.

[dropcap]02.[/dropcap]
Zeintzuk dira politikagintzara sartzean aurkitu dituzun oztopo nagusiak?

Egiazki, sartzeko orduan nire lankide gizon nahiz emakumeen aukera berberak eduki ditudala uste dut. Beharbada, politika garatzean aurkitzen dituzu oztopoak; gehiago kostatzen zaizu iritzia ematea, gainerakoenak baino gutxiago balio duela uste duzulako… Gero, eremu pertsonalean, oso zaila da laneko eta familiako bizitzak bateragarriak egitea. Edonoren eguneroko eginkizunez gain, “lan ikusezin” bat zamatzen dugu, agian konturatu gabe oinordetzan hartu duguna. Adibidez, senideekin medikuaren kontsultara joateaz arduratzen gara, edo bankuetako izapideak kudeatzeaz, ikastetxeaz… Horrek ez du esan nahi ez ditugunik etxeko lanak partekatzen, nolabaiteko “motxilak” arrastatzen ditugula baizik, geure buruari guk geuk ezarritakoak.

[dropcap]03.[/dropcap]
Zerk motibatzen zaitu gehien tokiko politikagintzan ibiltzetik?

Nire herria hobetzeko lan egin ahal izateak. Norberaren herriko alkatea izateak plus bat dauka, lehen eskutik ezagutzen baitituzu arazoak eta pertsonak. Herri handia gara, baina hori besterik ez gara, herri bat, eta auzokideekin aurrez aurre lan egitea ahalbidetzen dizu horrek. Oso tratu zuzena da.

[dropcap]04.[/dropcap]
Eta gutxien?

Beti ezin izaten dituzula proiektuak nahi bezala eraman, edo nahi dituzun denboretan gauzatu. Gauza batzuk oso errazak direla uste duzu, baina kontua atzeratzen duten izapideak egin behar izaten dira gero, ezin ditzakezunak saihestu. Oso frustragarria da gure auzokideen arazo batzuek irtenbiderik ez dutela ikustea, edo, behintzat, gure esku ez dagoela ikustea. Arazo horietako asko ezin ditzakezu bulegoan utzi; etxera eramaten dituzu, eta zeure egin.

[dropcap]05.[/dropcap]
Emakumeen parte-hartze handiagoa egotearekin politikagintza aldatzen ari da?

Aldatzen ari da, politikagintza gizonezkoen mundua ez delako ikuspegitik begiratuta; hau da, dagoeneko ez zaigu hain arraroa iruditzen emakume alkateak ikustea, edo goi-karguetan emakumeak ikustea. Pixkanaka, gauza normaltzat hartzen ari gara. Hala ere, izugarri dago egiteko, eta daukagun balioa erakusten jarraitu behar dugu, ez garela ordezkaritza-lanetan ibiltzen parekidetasuna bete behar delako bakarrik: eman diguten lana egiteko balio dugulako gaude hor.

[dropcap]06.[/dropcap]
Nola bultza litezke hautu politiko ezberdina egin duten baina xede komunak bilatzen dituzten emakumeen arteko itunak?

Basqueskola da horren adibide argia. Ordezkatzen ditugun siglak gorabehera, emakume politikari guztiok bilatzen dugu gauza bera: gure herriak edo ordezkatzen ditugun erakundeak hobetzeko proiektuak abiatzea. Elkarren beharra dugu, eta enpatia-gaitasun itzela daukagu, ezinbestekoa hori politika zehatz batzuk garatzeko edo gai jakin batzuk jorratzeko unean; batez ere, argi dago, emakumeei edo berdintasunari dagokienean

[dropcap]07.[/dropcap]
Zer proposatuko zenuke Basqueskolarako?

Prestakuntza ezinbestekoa iruditzen zait, eta esperientziak eta ikuspuntuak partekatu ahal izatea. Ez nuke jorratzen ari garen ildoan jarraitzetik haragoko beste ezer proposatuko.

[dropcap]08.[/dropcap]
Politikagintzara lehen aldiz sartzen diren emakumeentzako aholkurik?

Proiektuan sinets dezatela, eta bertan buru izateko balio dutela. Beren buruarengan sinets dezatela hasieratik bertatik. Sexua ezaugarri bat da, ez besterik. Ez gaitu ez hobeak ez txarragoak egiten. Abiatu gaitezen guztiok berdinak garelako ideiatik: gaitasuna dugulako ahal dugu, ez beste ezerengatik.

Scroll to Top