Berdintasuna eta gobernantza ona

Berdintasuna eta gobernantza ona

1979tik 2015eko azken udal-hauteskundeetara, hots, 40 urte bete ez direnean, % 7,20tik % 41,3ra igo da Euskadiko tokiko emakume hautetsien kopurua. Gaur, lehen aldiz iritsi gara “ordezkaritza orekatua” deritzonera, sexuetako batek ere ez baitu gainditzen lekuen % 60. Alabaina, behar dugun kultura-eraldaketa sakoneranzko lehen urratsa baino ez da zifren oreka hori.

Rosalía Camacho intelektual feministak zioen bezala, kontua ez da pastela ahalik eta modu berdintsuenean banatzea, lehen emakumerik ez zegoen tokian emakumeak sartuta. Errezeta aldatzea da gakoa, orain arte erabili ez diren osagaiak gaineratzea. Beste ikuspuntu batzuk, beste metodo batzuk sartzea da kontua; azken batean, berdintasuna gobernantza onaren ardatz demokratiko gisa sendotzen lagunduko duten politika-moduak sartzea. Gizartearen konfiantza merezi duen gobernantza ona lortu behar da, biztanleriaren erdiaren aukera gabeziarekin bateragarria ez dena.

Horixe da gure egitekoa. Beharrezkoa da tokiko gobernuetan buru direnek banakako eta taldeko kontzientzia hartzea, berdintasuna politika publikoen erdigunean kokatzeko garrantziari dagokionez, bai edukien aldetik, bai politika egiteko moduetan.

Zer da Basqueskola?

Virginia Woolf Basqueskola tokiko gobernuetako emakume alkateentzako eta zinegotzientzako tresna da. Emakume guztien eta guztientzako baliabidea da, edozein izanik ere zuen alderdi politikoa, gobernuan egon ala ez egon. Basqueskolak guztion artean lidergo propioa garatzeko aliantzak sortzea ahalbidetuko digu, beharrezkoak diren eskumenak sendotuz, berdintasuna tokiko gobernantzaren erdigunean jarriko badugu, euskal ordezkaritza politiko osoaren laguntzarekin.

Basqueskola jabekuntzarako eskola da, eta, Euskal Autonomia Erkidegoko gainontzeko jabekuntzarako eskolak bezalaxe, mugimendu feministaren eztabaidak, ezagutzak eta antolaketa- zein mugimendu-esperientzien oinordekoa da. Jabekuntza, emakumeen eraldaketa-prozesu pertsonala eta kolektiboa izanik, parte-hartze sozial eta politikoaren bidez lortzen da.

izaskunibon2Basqueskolak, berez, nazioarteko ikuspegia du, beste herrialdeetako emakume hautetsien sareekin partekatu nahi baititugu ezagutzak eta baliabideak, mundu globalizatu batean bizi garen aldetik. Eta, horrez gain, aukera paregabea dugulako orain, CMRE Europako Udalerri eta Eskualdeetako Berdintasunerako Batzorde Orokorreko presidentetza izanik. Aipatu batzordea da Europako herri eta eskualdeetako tokiko berdintasun-politiken organo koordinatzaile gorena.

Virginia Woolf Basqueskola emakumeei zuzenduta dago, berdintasun-politiken oinarrizko ardatzetako bati erantzunez; hala nola, emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoa sustatzeko xedez. Hala ere, gogoan izan behar dugu berdintasuna lortzeko lana ez dagokiela emakumeei bakarrik.

“Gobernantza onaren” printzipioari jarraiki, berdintasunaren sustapenak Euskadiko gizon politikarien konpromiso sendoa eduki behar du.

Horrela, bada, ongietorria ematen dizuegu Virginia Woolf Basqueskolara. Ilusioz, gogotsu eta konpromisoz beterik itxarongo zaituztegu, apustu honekin guztiok garaile aterako galerako uste osoarekin.

Izaskun Landaida

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria (Eusko Jaurlaritza)

Ibon Uribe

Galdakaoko alkatea, EUDEL-Euskadiko Udalen Elkarteko Exekuzio Batzordeko ordezkaria. CMRE Europako Udalerri eta Eskualdeetako Berdintasunerako Batzordeko presidentea

 

 

Scroll to Top