Sibel Uyar
Urla-ko Alkatea (Turkia)
Sibel Uyar-ek berriki parte hartu zuen ‘Partaidetza, Politika, Boterea Bilbo 2018’ saioan, Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) biltzarrean, hizlari gisa.
[dropcap]01.[/dropcap]
Nola iritsi zinen politikagintzara?
Lehenik, eginkizun aktiboa izan nuen gizarte zibileko hainbat erakundetan. Gero, 2009an, zinegotzi hautatu ninduten Urla udalerrirako, eta, han, tokiko administrazioak nola funtzionatzen duen ikasi nuen, baita beste alde interesdun batzuekiko harremanak nola kudeatu ere.
[dropcap]02.[/dropcap]
Zeintzuk dira politikagintzara sartzean aurkitu dituzun oztopo nagusiak?
Gizonek menderatzen duten jokoa da politika. Emakume gisa, zaila egin zitzaidan nire aurkako aurreiritziak haustea. Hasieran, gazte eta eskarmenturik gabeko ikusten ninduten. Pentsaera horrekin borrokatu behar izan nuen, eta gizon batek ere egin behar ez duen moduan erakutsi behar izan nuen nire ahalmena.
[dropcap]03.[/dropcap]
Zerk motibatzen zaitu gehien tokiko politikagintzan ibiltzetik?
Pertsonen esanetara dagoen eta arazoak konpontzen dituen administrazio-unitate hurbilena da tokiko politikagintza. Zentzu horretan, pertsonen bizitza aldatzeko eta arazoekin zuzenean nahasteko gaitasunak motibatzen nau gehien tokiko politikagintzatik.
[dropcap]04.[/dropcap]
Eta gutxien?
Lehen aipatu dudanez, menderakuntza maskulinoa da tokiko politikagintzatik gutxien motibatzen nauten faktoreetako bat. Gainera, baliabideak eskasak dira, baina premiak infinituak. Hortaz, pertsonen arazoak konpontzeko orduan zuzenean sartuta zaudenean, horma batekin egiten duzu topo batzuetan; are, arazo berberei aurre egiten zabiltzatenean ere.
[dropcap]05.[/dropcap]
Zer-nolako garrantzia dute zuretzat berdintasun-politikek udal-mailan?
Genero-berdintasunerako politikak ezinbestekoak dira udal-mailan. Biztanleriaren erdia emakumeak garenez, ezinezkoa da garapen jasangarria lortzea emakumeen parte-hartzerik gabe. Emakumeek gizartean eta politikan duten parte-hartzea areagotzea da genero-berdintasunerako politiken xede nagusietako bat. Hortaz, genero-berdintasuna ezin da bereizi uda-politiketatik, eta udal-politika guztiak gidatu beharko lituzke ikuspegi horrek.
[dropcap]06.[/dropcap]
Emakumeen parte-hartze handiagoa egotearekin politikagintza aldatzen ari da?
Jakina, baina ez da politikara bakarrik mugatzen. Emakumeen parte-hartzeak gizarteko alderdi guztietara ekartzen ditu aldaketak.
[dropcap]07.[/dropcap]
Nola bultza litezke hautu politiko ezberdina egin duten baina xede komunak bilatzen dituzten emakumeen arteko itunak?
Alkate hautatu nindutenean, pertsona guztien alkatea nintzela konturatu nintzen. Beraz, erabakigarria da batera lan egitea, herritarren eta lurraldearen ongizatea lortu nahi badugu. Pertsonek elkar errespetatuz gero, erraza da elkarrekin lan egiteko modua aurkitzea. Urlako Udalean, zeina gizarte zibileko erakunde guztientzako euritakoa den, elkarrekin egiten dugu lan, Urlaren hobe beharrez.
[dropcap]08.[/dropcap]
Politikagintzara lehen aldiz sartzen diren emakumeentzako aholkurik?
Emakumeek beren buruarengan sinetsi behar dute, eta ausartak izan. Bizitzan ezer ez da erraza; arrakastak eta porrotak biltzen dituen bide luzea da. Hortaz, akatsetatik ikasi behar dute, eta ez etsi.