Basqueskolak eusten jarraitzen du, eta egoera berrira egokitu du jarduera
Koronabirusak eragindako krisia oraindik ondo baloratzen ez dakigun inpaktua ari da edukitzen gure bizitzetan. Egun batetik bestera, krisiak etxean sartu gaitu, eta gure hiri eta herriak isildu egin dira. Elkartasuna eta #etxeangeratzea dagokigu orain.
Iritsiko da balantzea egin eta gure bizitzetan nola eragin duen jakiteko unea. Hala, krisi honek bizitza guztietan nola eragin duen ikusi beharko da, baina, bereziki, emakumeei zer ekarri dien behatu beharko dugu; izan ere, NBE Emakumeaktaldeak dioen bezalaxe, krisi honen inpaktuak eta ondorioak genero-ikuspegitik ere irakurtzen jakin behar da.
Oraintxe bertan, zuei laguntzeko bultzada eta energia helarazi nahi dizkizuegu hemendik. Hori dela-eta, gure jarduera ez da eten, eta egoera berrira egokitzen jarraitzen dugu, erabil ditzakegun tresnen bidez; hau da, sare eta plataforma birtualen bitartez.
Basqueskola Sarea Talde Eragilea
Basqueskolako talde eragilea, proiektua gidatzeaz arduratzen dena, aktibo dago, eta martxoan bi topaketa birtual egin ditu, legegintzaldiko estrategia nahiz 2020an abiatuko diren ekintzak zehazteko asmoz.
- Bada, hiru lan-batzorde jarri dira martxan:
- Harrera eta bidelaguntza, politikagintzara lehen aldiz sartzen diren hautetsi berriei laguntzeko jarduerak eta programak sortu eta diseinatzeko xedez; adibidez, Bidelagun mentoreak
- Politikan dabiltzan emakumeen kontrako indarkeria, euskal hautetsiek indarkeriazko askotariko adierazpenen inguruan duten iritzia jasotzeko eta aztertzeko helburuz, emakumeek politikan parte hartzea zailtzen duten adierazpenei dagokienez.
- Sareak eta aliantzak. Emakumeen beste sare batzuekin (berdintasun-teknikariekin, beste eskualde eta herrialde batzuetako emakume hautetsien sareekin eta hainbat eremu profesionaletako emakumeen sareekin) maila politiko, tekniko eta profesionalean aliantzak nola sor litezkeen miatzeko gunea.
Hausnarketa horiek partekatu eta aurrera egiteko proposamenak bota nahi badituzu, eman izena: Basqueskola Sarea
Tokiko emakume hautetsiei ahalduntzen laguntzeko prestakuntza-programa abiatuko dugu, ikastaroen, tailerren eta jardunaldien bidez, lan politikoan eta berdintasun-politiken ezarpenean lagunduko dieten komunikazio-, lidergo- eta kudeaketa-trebetasunak indartu ditzaten.
Hona hemen hurrengo prestakuntza-jardueren aurrerapena!
- VWB ahalduntzeko oinarrizko tokiko lantegia (ibiltaria da, eta eskatu egin behar da). Zure udalerrian antolatu nahi baduzu, jar zaitez gurekin harremanetan, eta ahal denean egingo dugu.
- Genero-ikuspegiarekin komunikatzeko lantegia. Erdipresentziala da, eta 2020ko ekainean hastea aurreikusi da.
- Coaching- eta lidergo-lantegia. 2020ko irailean hastea aurreikusi da.
- Basqueadituak: Aditutik aditura. Jakintzak beste alkate eta zinegotzi batzuekin eskuzabaltasunez partekatu nahi dituzten hautetsiak bilatzen ditugu.
- «Feminismoa eta eraldaketak tokiko politikan» hausnarketa-jardunaldia
Gure sareen bidez informatzen jarraituko dugu, gaur delako elkartasun- eta ahizpatasun-sareak ehuntzeko unea, inoiz baino gehiago. Guztiok elkarrekin ari gara lanean, nor bere toki-erakundetik, Basqueskola «gure sarea» izan dadin, Euskadiko toki-gobernuetako emakume hautetsiak ahalduntzeko sare erreferentea izan dadin.
Zuen zain gaude!