Virginia Woolf Basqueskolako emakume hautetsien sarearen talde bultzatzaileak
Virginia Woolf Basqueskolak pauso bat eman du bere sendotzerako bidean, protagonista zuzenak diren emakumeak, hots, alkate eta zinegotzi euskaldunak, funtzionamenduaren baitan inplikatuz. Ekimen hau bost urteko ibilbidearen fruitua da eta bi lan-talderen sorkuntzan gorpuzten da: Talde Eragilea eta Talde Kolaboratzailea. Hemendik aurrera, tokiko emakume hautetsien arteko sare moduan are gehiago errotuko dute VWBasqueskola. EUDEL eta Emakunde izango dira bi taldeen koordinatzaileak eta aholkulariak, eta VWBasqueskolako Idazkaritza Teknikoaren babesa jasoko dute.
Nola iritsi gara honaino?

VWBasqueskola 2012an jaio zen, EUDEL eta Emakunderen arteko elkarlanaren fruitu gisa eta udaletako lan politikoari dagokionez, emakume hautetsiek azaldutako beharrei erantzuna emateko. Ibilbide horren lehenengo urteetan zehar, coaching, lidergo zein komunikazio mintegiak, lantegiak, mahai-inguruak eta esperientzia elkartrukeak antolatu izan dira.
Egungo legealdian, emakume hautetsien parte-hartze aktiboa, haien inplikazioa eta protagonismoa modu zuzen batean nabarmendu nahi da. Azken finean, Basqueskola osatzen duten emakumeak, euskal udalerri ezberdinetako zinegotziak eta alkateak direlako, handi zein txiki, gobernuan zein oposizioan, eta ideologia guztietakoak.
Nola lortu daiteke protagonismo zuzen bat?

Parte-hartze hori nola zehaztuko den definitzeko, aurretik Coaching eta Lidergo lantegietan parte hartu duten emakume hautetsiekin elkarlan bat hasiko da. Dagoeneko, jardun politikoan ohikoak diren oztopoak eta zailtasunak antzematerako orduan, norbanako zein kolektibo gisa esperientzia badute. Horretaz gain, elkarlanean aritzeko beharrezkoak diren tresnak identifikatzen badakite.
Maru Sarasola trebatzaileak gidatuta, bost lan saio burutu dira, helburuak, funtzionamendua, lan akordioak, planak eta ekintza zehatzak definitzen joateko, eta haien gainean, proiektu hau sendotuko duten zutarriak ezarri ahal izateko.
Lan dinamika horren abantailak ugariak dira: praktika onak ezagutzea, batasuna sortzea, gogoeta piztea, iritziak edo metodologiak erkatzea, hau da, elkar indartzean eta osatzean datza, zilegitasuna batuz eta gure ahotsak entzunaraziz.
VWBasqueskolako Talde motorea eta Talde kolaboratzailea
Pasaden uztailaren 12an uda aurreko azken saioa burutu zen, eta hurrengo saiorako zeregin zehatzak definitu ziren: Bi lan-talderen sorrera irailean, modu osagarri batean VWBasqueskolako proiektuak bultza eta gida ditzaten.
- “Talde motorea” Euskal Autonomia Erkidegoko sentsibilitate politiko guztietako emakume hautetsien ordezkaritza batek osatuko du. Misioa, proiektuaren lidergoa betetzea izango da, horretarako, estrategiak eta ekintza komunak konfiantza eta babes harreman batzuen barnean definituz.
- “Talde Kolaboratzailea” proiektuan inplikatu nahi duten eta VWBasqueskola sustatzeko rol aktibo bat izan nahi duten emakume hautetsi guztiek osatuko dute.

Izan ere, azken helburua emakume hautetsien ahalduntze prozesua sendotzea da, haien garapen pertsonal gisa eta kolektiborako estrategia egingarri eta eraginkor gisa. Horrek, lan eta babes sarea bat errotzea dakar, denboran zehar erabilgarria eta iraunkorra izango dena. Sare bat, proiektuak eta ilusioak ikustarazteko, eta udalerrietan egunero berdintasunaren alde ahalegin eta konpromiso guztia ematen ari diren emakumeen artean “oihartzuna” izateko. Denak batera, eta bakoitza bere tokiko instituzioetatik, lanean gabiltza Basqueskola “gure sarea” izan dadin, Euskadiko udal gobernuetako emakume hautetsien ahalduntzerako erreferentea den sarea.