Emakumeen ahots publikoa
“Genero-ikuspegia duen politikagintza eraldatzailerako komunikazioa” ikastaroaren lehenengo edizioa aurkezten du Basqueskolak, emakume alkate eta zinegotzi askok helarazi dizkiguzuen interes zehatzei erantzuteko horrela. Gainera, hainbat emakume hautetsiren lanaldi bikoitz eta hirukoitz “ezinezkoei” erreparatuta, modalitatea estreinatuko du Basqueskolak oraingo honetan. Pilar Kaltzada komunikazio estrategikorako aholkulari eta kazetariak neurrira sortu du lineako eta aurrez aurreko ikastaro misto hau, ahalik eta pate-hartze handiena egoteko xede zehatzarekin. Aurrez aurreko bi saio egingo dira, lehenengo pertsonan partekatu ahal izateko norberaren bizipenak. Bestetik, lineako lau saio egingo dira. Bideo tutorialen bidez egingo dira lineako saio horiek, eta laguntza pertsonalizatua egongo da.
Zergatik politikako komunikaziorako ikastaro bat emakume hautetsientzat?
Eraikuntza kolektiborako eta gizarte-eraldaketarako tresna da politika. Hori dela-eta, ondo komunikatzeak berebiziko garrantzia du eremu horretan, bai herritarrei gure proposamenak eta lorpenak helarazteari begira, bai gainerako indar politikoekiko beharrezko elkarrizketari euste aldera.
Alabaina, politikarako sarbidea oro har, eta lidergo-postuetarako sarbidea zehazki, gizonei erreserbatu izan zaie historian. Beste botere-eremu publiko askotan bezalaxe, “joko-arauekin” egiten dugu topo emakumeok, baina ez dugu parte hartu arau horiek egiteko orduan, eta gure ikuskera ez da aurrean egon. Aldaketak egin diren arren, eta politikagintzan gero eta emakume gehiago egon arren, oraindik ere modu eta ahots berrien aurreko erresistentziak daude.
Zalantzarik gabe, estereotipo femeninoen gainean dagoen gizarte- eta kultura-presioak balorazioa baldintzatzen dute; hots, gizarteak nahiz emakumeek beraiek gure mezuen gainean eta, are, gure komunikazio-gaitasunen gainean ere egiten duten balorazioa baldintzatuta dago. Emakumeen ahotsa bizitza publikoan egotea galarazten duten oztopoak daude: bigarren mailako ahotsak izaten dira, ez protagonistak; testuinguruko ahotsak izaten dira, ez adituak; ahots “narritagarri” eta “infantilizatuak” izaten dira, eta abar. Bestetik, etenak egiten dizkigute, edota mansplaininga (beren gaitasuna edo eskarmentua handiagoa dela pentsatuta, gauzak goitik behera azaltzen dituzten gizonak), eta abar. Jarrera horiek gure ahotsaren proiekzioa nola mugatzen duten aztertzea da kontua, eta jarrera horiek gainditzeko ezagutzak eta estrategiak eskaintzea.
Horregatik da garrantzitsua ordezkari hautetsi gisa egunerokotasunean egiten dugun komunikazioaren inguruko azterketa sakonagoa egitea. Nola mugitzen gara emakumeok lidergo-roletan, tradizionalki estereotipo maskulinoen inguruan sortu badira? Zein alderdik, kontziente izanik batzuetan, baldintzatzen edo mugatzen dute gure lana? Nola garatu dezakegu komunikazio eraginkor eta eraldatzailea? Komunikabideen zein kode eta praktika ezagutu behar ditugu, espazioa gure mezuek (eta ez beste batzuek) hartzea laguntzeko? Gako horiek guztiak “betaurreko moreen” bidez ulertzeak zuzenean eragingo du gure ahalduntzean, bai norbanakoarenean, bai kolektiboarenean, eta, hortaz, baita gure lanaren kalitate demokratikoaren gainean ere.
Informazio gehiagorako eta izena emateko:
Politika eraldatzailerako komunikazio genero ikuspuntik