Euskadiko udalerriak, aitzindariak emakumeek toki-gobernuetan duten parte-hartze politikoari dagokionez
Emakumeek eta gizonek Europan duten parte-hartze politikoari buruzko ikerketa berri batek dioenez, emakumeen eta gizonen artean oreka handiena duten toki-gobernuetan buru da Euskadi, hautetsien % 46 baitira emakumeak, Islandiaren atzetik (% 47). Gainera, oso atzean dauzka Europako (% 29) eta Espainiako estatuko (% 36) batezbestekoak.
Alkatetzetan ere, Euskadik Europako batezbestekoa (% 15) gainditzen du, alkateen % 29 direlako emakumeak. Hala, Islandiarekin, Suediarekin, Finlandiarekin, Norvegiarekin eta Suitzarekin batera, alkate emakumeen ehuneko handiena duten herrialdeen artean dago Euskadi.
Ikus daitekeenez, bada, EAEko emakumeen parte-hartze eta eragin politikoak bilakaera ona izan du, eta, zalantzarik gabe, berdintasunerako politika publikoek zeresana izan dute hor; hala nola, hauek: Berdinsarea, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea, eta Virginia Woolf Basqueskola, Euskadiko Emakume Hautetsien Sarea (biak sustatzen dituzte Emakundek eta EUDELek.
CMRE azterlana: «Emakumeak politikan: tokiko eta Europako joerak»
Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluaren (CMRE) azterlanak, non EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak parte hartu duen, emakumeek 2008tik 2019rako aldian Europako 41 herrialdetan erabaki politikoak hartzeko postuetan izan duten parte-hartzearen bilakaera ebaluatu du toki-, eskualde- eta nazio-mailetatik hasi eta Europako Parlamentuaren mailaraino.
«2019an Euroganberaren legegintzaldi berria hasi denez, ez dago gai horri heltzeko une hoberik, ez eta gaia Europako agenda politikoaren erdigunean eduki eta Europar Batasunaren genero-berdintasunerako etorkizuneko estrategietan xede giltzarria izatea ziurtatzeko une hoberik ere».
2019ko UDAL-HAUTESKUNDEAK: HAUSNARKETA GENERO-IKUSPEGITIK
2019ko azken udal-hauteskundeek bide onean goazela baieztatzen digute. Izan ere, duela 40 urte zerrendetan lehen emakume hautagaiak ageri ziren udal-hauteskundeak egin zirenetik, EAE osoan gizonen eta emakumeen arteko ordezkaritza orekatua finkatu egin dela baieztatu da.
1 irudian ikus daitekeenez, isla zuzena izan dute emakumeen parte-hartze politikoaren areagotzean, eta, azken hauteskundeetan, hautetsien % 46,13 emakumeak izan dira, aurreko legegintzaldian baino % 4,63 gehiago, eta bigarrenez gainditu da legeak eskatzen duen gutxienekoa[1]. Hortaz, berdintasunaren aldeko legeak egiteak duen garrantziaren erakusgarri nabarmenak dira emaitza horiek.
1. Emakumeek tokiko gobernuetan izan duten parte-hartzearen bilakaera
Datu garrantzitsu horretaz gain, azterketa xehatuagoa egitea komeni da, lantzen jarraitzeko gako batzuk identifikatu ahal izateko eta toki-erakundeetan gero eta berdintasun handiagoa izateko bidean jarraitzeko.
Parekotasuna aztergai
Hala ere, hauteskundeetako parekotasunarekin lotutako datuetan sakontzen badugu (emakumeen nahiz gizonen ordezkaritza ez da % 60 baino handiagoa edo % 40 baino txikiagoa), ikusten dugu EAEko udalerrien herena (% 33) ez dela parekidea, eta alde handia dago gizon hautetsien (% 26) eta emakume hautetsien (% 7) artean; udalbatzan emakumerik ez duten 5 udalerri ere badaude.
Emakumeen lidergoa. Alkatetzen erronka:
Emakumezko alkateen ehunekoa % 4,1 handitu da 2015eko hauteskundeekin alderatuta, hau da, guztira, aurreko legegintzaldian baino 10 alkate emakume gehiago daude. Gizonen ordezkaritzaren beherakadaren ia ehuneko bera da (aurreko legegintzaldian baino 11 gutxiago). Berri onak dira; hala ere, emakumezko alkateak EAEko alkateen herena baino gutxiago dira. 2. IRUDIA.
Biztanle gehien dituzten udalerriak kontuan hartzen baditugu, datuek erakusten digute euskal hiriburuetan ez dagoela emakumezko alkaterik. Hori saihestezina zen, hauteskundeak irabazi zituen alderdiak ez baitzuen lehen hautagai gisa emakumerik aurkeztu udalerri horietan.
Hala ere, biztanle gehien dituzten 10 udalerrietan, emakumezko alkateen kopurua bikoiztu egin da; izan ere, 2015ean, emakumezko bi alkate zeuden, eta, oraingo legegintzaldian, lau dira, 3. irudian ikus daitekeen legez.
- IRUDIA.- Biztanle gehien dituzten 10 euskal udalerriak:
Datuen bilakaera alkatea emakumea ala gizonezkoa izan behatzen badugu, alkate emakumeen kopuruak gora egin dutela ikus daiteke; izan ere, 2019an % 25,73 dira, eta aurreko legegintzaldian % 18,82 ziren.
3 TAULA EAEko alkateen bilakaera (2015-2019) eta ordezkatutako herritarrak
HAUTESKUNDE-ZERRENDAK: Zenbat emakume zerrendaburu?
Talde probintzial bakoitzak berdintasunarekin duen konpromiso-maila zein den neurtzeko, garrantzitsua da alderdi bakoitzaren probintziaz probintziako zerrendaburuen bilakaerari begiratzea.
Zenbait ondorio:
- Bide onean goaz. Legeek diseinatu zireneko helburua betetzen dute.
- Euskadi buru da emakumeen eta gizonen artean oreka handiena duten toki-gobernu europarretan.
- Hala eta guztiz ere, erronka nagusia lidergo handieneko postuetan dago: alkatetzetan.
- Bereziki, parekotasuna ez da 3.000 biztanle baino gutxiagoko udalerrietan lortu (ez die legeak eragiten).
- Garrantzitsua da emakumeak hauteskunde-zerrendetako lehen postuetan jartzea.
[1] https://www.euskadi.eus/web01-a3haux19/es/contenidos/informacion/w_in_2019_emj_alcaldes/es_def/index.shtml
[1] https://www.generales2019.infoelecciones.es/es/formaciones-politicas/informacion-general/que-es-la-paridad-electoral.htm






