2091ko Basqueskolaren Harrera Jardunaldiak

  • Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako emakume hautetsiak elkartu egin dira, barneratzaileagoak eta berdinzaleagoak izango diren udalerrien aldeko eragina lortzeko Basqueskola 2019ko sarearen esparruan.
  • EUDELek eta Emakundek “Virginia Woolf Basqueskola” euskal hautetsien sarearen 2019-2023 agintaldi berrirako estrategia aurkeztu dute.
  • Berrikuntza gisa, Estatuko udaletako emakume hautetsientzako lehendabiziko “mentoring” esperientzia sustatuko da. Emakume alkate eta zinegotzi beteranoek berriak gidatuko dituzte haien udaletako lan politikoaren hasieran.

2019ko urriak 25

Bizkaia
Gipuzkoa
Araba

 

 

 

 

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako  170 emakume hautetsi baino gehiago elkartu dira harrera egiteko jardunaldietan, urriaren 21ean, 22an eta 23an, legegintzaldiko lehenengo topaketak egiteko. ‘Virginia Woolf Basqueskola’ EAEko emakume alkate eta zinegotzien sarearen estrategia berriaren esparruan elkartu dira, zeina EUDELek eta Emakundek sustatzen duten.

Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen ostean, emakume hautetsien ordezkaritzaren ehunekoa % 46,13ra arte igo da, hau da, aurreko legegintzaldian baino % 4,63 gehiago. Bizkaiko 112 udalerrik 579 emakume dituzte guztirako 1.235 hautetsietatik. Gipuzkoan, 89 udalerri dauzkala, 991 hautetsietatik, 465 emakume aukeratuak izan ziren guztira, eta Arabako 51 tokiko entitateetan, guztira 429 kargu daudela, 181 emakume hautetsi daude.

EAEn, alkate diren emakumeen ehunekoa % 4,1 igo da 2015ekin alderatuta, hala ere, oraindik euskal alkatetzen % 30 baino gutxiago dira; 74 emakume dira tokiko gobernuetan, 32 Bizkaian, 28 Gizpuzkoan eta 14 Araban.

Harrera Jardunaldiak, hiru lurraldeetan

Harrera egiteko jardunaldien eskema antzekoa izan zen hiru lurraldeetan: Eudelek eta Emakundek ireki zituzten, eta bi mahai-inguru egin ziren #BasqueskolaSarea sareko hautetsiekin. Lehenengo mahai-inguruan, Basqueskola ekimena eta horren Basqueskola Sarea sare motorra aurkeztu ziren, eta, bigarrenean, Basqueskolako Harrera Batzordeak legegintzaldi berri honetan emakume hautetsiei bidea errazteko xedez egindako lanaren berri eman zen: 2019-2020ko Agenda eta Bidelagun mentoretza-programa azaldu ziren, alegia

Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak emakume hautetsien sare hori hain beharrezkoa egiten duten arrazoiak azaldu ditu: ”botere-egiturak eta -espazioak funtsean gizonek eta gizonentzat pentsatuta daudela oraindik ere, androzentrikoak dira, besteak beste, espazio hori emakumeentzat debekatua izan delako luzaroan, eta, horren ondorioz, emakumeek zailtasunak izaten dituzte beren zereginaren jardunean, eta zailtasun horiek gehitzen zaizkie erantzukizun-kargu bati, hala nola udalerriko alkate- edo zinegotzi-karguari. Basqueskolak egoera horri aurre egiten jarraitu nahi du datozen urteetan ahalduntzearen bidez, emakumeen partaidetza soziopolitikoa bultzatzeko funtsezko tresna gisa” adierazi du Izaskun Landaidak.

2019-2020rako emakumezko Euskal toki-hautetsientzako agenda-eskuliburua

Bertaratutako hautetsi guztiek jaso zuten 2019-2020ko Agenda – Euskal emakume hautetsientzako eskuliburua deritzona. Bada, emakume hautetsiek emakume hautetsientzat egindako materiala da hori: kontsultatzeko, ikasteko eta laguntza jasotzeko liburuxka da. Gida edo «jarraibide-liburu» horretan, bada, erronka berriei heltzen hasten diren kideei lagundu diezaieketen alderdi praktikoak identifikatzen dira; besteak beste, hauek: denboraren eta kontziliazioaren kudeaketa, lidergoaren garapena, komunikazioa, berdintasun-politikak zeharkakoak egiteko modua eta lankidetza politiko-teknikoa. Agendak, halaber, Basqueskolaren xede garrantzitsuenetako bat irudikatzen du: genero-berdintasuna Euskadiko udal-politikaren erdigunean kokatzekoa, hain zuzen ere.

Eukene de Miguel Landabaso Eudelen Berdintasuneko arduradun teknikoa arduratu zen agendaren atalak hilabetez hilabete aletzeaz, eta atal bakoitza azaldu zuen, edukietan sakontzearekin batera.

Bizkaia

Bizkaian izandako Harrera Jadunaldiko ongi etorrian, Getxoko alkate Amaia Aguirrek hauxe adierazi die Bizkaiko emakume hautetsiei, EUDELen izenean, sarean parte hartzera gonbidatzeko: “neurrira egindako lidergoa” diseinatzeko eskatu die bere kideei, hizkuntza eta diskurtso propioa duena, “elkarrekiko agenda batekin, gure herritarrak eta, batez ere, emakumeak eta euren kolektiboak kezkatzen dituzten gaietara hurbiltzeko”. Zentzu horretan, adierazi du “emakumeek gobernatzea beharrezkoa dela, emakumeak aintzat hartzeko tokiko bizitzan eta gizarte osoan”.

Maite Etxebarria Aizpiolea Abanto-Zierbenako alkatea, Idurre Bideguren Gabantxo Bermeoko alkate ohia eta Paula Amieva Clemente arduratu ziren Basqueskola Sarearen esperientziak eta legegintzaldi berrirako estrategia azaltzeaz.

Maite Etxebarría Aizpiolea:

Legegintzaldi berri honetan, estrategia berritu nahi dugu, eta lan-arloak birdefinitu, proiektua energia berrituekin eta ekimen nahiz ideia berriekin gidatu dezagun etorkizunerantz. 2012tik pilatu dugun eskarmentutik abiatuko da estrategia, proiektuarekin bat egin nahi duzuen guztiekin berritu gaitezen, eta hazten jarraitu.”

 

 

Idurre Bideguren Gabantxo:

“2017aren amaieran, Basqueskola Sarea sortu genuen, eta, horrekin, Virginia Woolf Basqueskola indartzeko aurrerapausoa eman genuen, horren funtzionamenduan inplikatu ginelako eta etorkizunera begirako estrategian buru izan ginelako”

 

 

 

Paula Amieva Clemente:

Emakumeok politika egiteko modu berriak garatu nahi ditugu, eta mesede egingo diguten estrategiak erabili, errealitatea aldatu eta balio berriak sartzeko. Eta tresna politikoak ezagututa bakarrik egin dezakegu hori, bai eta geure buruarenganako dugun konfiantza areagotzea eta udal-politikarekin zerikusia daukaten gaiak genero-ikuspegitik kontrolatzea ahalbidetuko digun prestakuntza solidoa jasota ere.”

 

Bestetik, Mari Luz Palacio Sagarduy Palacio Sondikako zinegotzi ohia eta Begoña Landa Torre Gernikako zinegotzi ohia mintzatu ziren Harrera Batzordearen esperientziari eta mentoretza-programari buruz.  

 Mari Luz Palacio Sagarduy :

2017aren amaieran, helburu bat jarri genion geure buruari: politikaren eremura lehen aldiz sartzen zareten hautetsi berrientzako tresna baliagarriak garatu ahal izatea, udaleko erantzukizun berriei gozoago eta azkarrago heldu eta egokitzeari begira.”

 

 

 

Begoña Landa Torre:

Zergatik mentoretza-programa bat? Badakigulako emakumeek politikagintzan duten parte-hartzean aurrerapausoak egin diren arren zenbakizko berdintasuna ez dela nahikoa. Beste berdintasun mota bat behar dugu, emakume politikarion eragina eta lidergoa bermatuko dituena

 

 


Gipuzkoa

Urriaren 22an izandako Gizpuakoako jardunaldian, Donostiako udaletxeko Osoko Bilkura Gelan, Legazpiko alkate Koldobike Olabidek hauxe adierazi die Gipuzkoako emakume hautetsiei, EUDELen izenean, sarean parte hartzera gonbidatzeko: “Geuretzako gune honetan, elkar topo eginez eta nor garen ikusiz indar handia hartu dugu.”. Zentzu horretan, VWBasqueskolaren moduko laguntzarako sareak erabiltzeko eskatu die bere kideei, “Horrela, banakako jardueratik abiatuta gure ahalmena handitu eta politika egiteko beste era batzuk egon daitezen talde-moduan eragina izango dugu. Gainera, era honetan, eutsi ahal izango diegu berdintasuneranzko bidean eta andrazkoek jasandako indarkeriaren aurkako borrokan aurrera egiteko aukera eskainiko diguten aldaketei” azpimarratu du Olabidek

Lehenengo mahai-inguruan, Duñike Agirrezabalaga Ugarte Donostiako zinegotziak eta Pilar Legarra Cortajarena Asteasuko alkateak hartu zuten parte.

Duñike Agirrezabalaga Ugarte:

Bereziki, berdintasunerako politikak indartu nahi ditugu, eta politika horiek udal-politikan tokia izan dezatela, alkate eta zinegotzi emakumeen eragin sozial eta politikoa areagotzeko eta sendotzeko, Virginia Woolf Basqueskola proiektuaren bidez”

 

 

 

Pilar Legarra Cortajarena:

“Ekimena bost urteko ibilbidearen uzta izan da. Denbora horretan, lantegietan, jardunaldietan eta truke-ekimenetan parte hartu dugu, eta, lan horri esker, politikan aritzean topatu ohi ditugun oztopo eta zailtasunak identifikatzen dituzten hautetsien «masa kritikoa» sortu da Basqueskolaren barruan”

 

 

 

Nagore Basurto Escamilla Errenteriako zinegotzi ohiak eta Irune Berasaluze Lazkano Mendaroko alkate ohiak hartu zuten hitza bigarren mahai-inguruan:

Nagore Basurto Escamilla:

Bidelagun mentorea emakumezko udal-hautetsia da, edo izandakoa, eta tokiko politikan aritzeko eskarmentua, trebetasunak eta ezagutzak dauzka. Halaber, eskuratu dituen gaitasun horiek emakume hautetsi berri batekin (mentoredun batekin) borondatez eta modu altruistan partekatzeko prest dago, udalean egingo duen ibilbidearen hastapenetan eta karguan laguntzeko asmoz.”

 

 

 

 

Irune Berasaluze Lazkano:

Garrantzitsua da sareak eta babesa edukitzea. Eta Basqueskolak horregatik abiarazi du ekimen aitzindari hau, politikaren eremuko ingurune hurbiletan bakarra dena. Gure ibilbideetan pilatzen ditugun eskarmentua eta lan eskerga kontserbatu eta helaraztea da kontua.”

 

 

 

 

 

 


Araba

Josune Irabien, Amurrioko alkateak hauxe adierazi die Arabako emakume hautetsiei, EUDELen izenean, sarean parte hartzera gonbidatzeko: “Geuretzako gune honetan, elkar topo eginez eta nor garen ikusiz indar handia hartu dugu.”. Zentzu horretan, VWBasqueskolaren moduko laguntzarako sareak erabiltzeko eskatu die bere kideei, “Horrela, banakako jardueratik abiatuta gure ahalmena handitu eta politika egiteko beste era batzuk egon daitezen talde-moduan eragina izango dugu. Gainera, era honetan, eutsi ahal izango diegu berdintasuneranzko bidean eta andrazkoek jasandako indarkeriaren aurkako borrokan aurrera egiteko aukera eskainiko diguten aldaketei.”

Nati Lopez de Munain eta Duñike Agirrezabalaga Ugarte (berriro) arduratu ziren Arabako hautetsiei Basqueskola estrategiaren berri emateaz.

Duñike Agirrezabalaga Ugarte:

Gure helburuak lortzeko, ezinbestekoa da gure lan politikoan eta berdintasun-politiken ezarpenean lagunduko diguten aliantzak sortzea. Aliantza horiek Euskal Autonomia Erkidegoko emakume hautetsien arteko konexio-sentimendua sorrarazten dute, eta talde-sentipena indartzen

 

 

Hautetsiek beraiek sarea eratzeko orduan adostu zuten esaldia laburbildu zuen Natik:

“Hainbat aukera politikotako emakume hautetsien taldea gara. Konfiantzazko gunea sortzeko indarrak batzen ditugu, esperientziak partekatzeko eta, horrekin, emakumeok tokiko politikan dugun lana errazteko xedez. Elkarri lagunduz eta baterako lanaren bidez, emakumeen eta gizonen berdintasuna gure udalerrietan egia bihur dadila lortzea dugu xede.”

Bestalde, Miren Santamaria Martinez Erriberabeitiko alkateak eta Miriam Garrido Remirez de Ganuza Moredako alkate ohiak, mentore arabarrak biak, honako hau adierazi zuten hautetsi berriei harrera egiteari buruz:

Miren Santamaría Martínez:

“Guk geuk sortu ditugu Agenda eta Bidelagun programa; hau da, emakume hautetsiek emakume hautetsientzat, geure bizipenetatik abiatuta, legegintzaldi hasiera honetan baliagarriak izateko”

 

 

 

 

Miriam Garrido Remírez de Ganuza:

“Mentoretza gure kultura politikoan oso ohikoa izan ez arren, gero eta adibide gehiago daude, askotan ukiezinak izaten diren eta eskuliburu edo araudi batean islatu ezin daitezkeen ezagutza garrantzitsuak modu pertsonalizatu eta hurbilean helarazteko diseinatu direnak”

 

 


Esperientzia pilotu eta berritzailea: mentoring Euskadiko emakume hautetsientzat

Estatu mailan esperientzia berritzailea den heinean, Basqueskolak aurten Bidelagun programa pilotu bat egingo du tokiko emakume hautetsientzat. Euskal ekimen hau Europa mailan arrakasta izan duten abangoardiako beste praktika batzuetan oinarritzen da, hala nola Emakumeen lobby europarra, Europako Parlamentuan hautagai diren emakumeena edo Norvegia eta Danimarkako politika nordikoek sustatutako Forum 50% programa

Basqueskolako lehenengo mentore-taldea 15 hautetsi boluntariok osatzen dute. Batzuek udal-politikan jarraitzen dute, eta beste batzuek dagoeneko utzia dute; dena dela, esteka honetan ezagut ditzakezue guztiak: 2019-2020ko Bidelagun mentoreak.

Kontseilariek nork bere udalerrian esperientzia eta ibilbide ezberdinak dituzte, gobernuan eta oposizioan, baina helburu berdin baten alde lan egiten dute: lehendabiziko aldiz politikan jardungo duten emakumeei laguntzea, euren kargu berriko egokitze, ahalduntze eta lidergo prozesuetan.

Parte-hartzaile bikote bakoitzak (aholkularia eta aholkatua) komunikatzeko bideak adostuko ditu, baita urteko bileren egutegia ere –aurrez aurre zein on line egingo dira–. Kontseilariek aholkuak, informazioa eta esperientzia propioa partekatuko dituzte iritsi berri diren kideekin, ikasketa eta indartze kolektiboan laguntzeko.

Sareari eta bere jarduerari buruzko informazio osoa VWBASQUESKOLAren webgune ofizialean dago eskuragarri: https://basqueskola.eus/eu/

 

Scroll to Top